IRITZIA

Ruandako Genozidioa

imagen-14Ruandako genozidioa bezala ezaguna den sarraskia gizateriaren historiako handienetakoa da, 1994ko apirila eta ekaina bitartean jazoa, eta 100 egun horietan 800.000 ruandar Tutsi erailak izan ziren. Hala ere, Tutsi populazioaren %75a eraila izan zen arren, ez da historian zeharreko beste genozidio asko bezala onartua izan.

Komunitate internazionalak jarrera oso pasiboa erakutsi zuen sarraskiaren aurrean, ekintza tamalgarriok gertatzea baimendu edo erraztuz. Sinestarazi nahi den kontrara, eta genozidioa ruandarrek beraiek gauzatutakoa izan zen arren, ez zen borroka etniko soil bat izan. Horrelako beste hainbat gertaeretan bezala, mendebaldeko potentzien interes geopolitikoak izan ziren horren atzean, sarraskia gertatzeko beharrezko influentzia, babes eta finantzazioaren arduradun izanik hauek. Realpolitikaren beste erakustaldi bat izan zen ekintza. Beste behin estatuen interesak mantentze aldera, denak balio zuela erakutsi zen, 800.000 pertsona matxete bidez erailtzea ere.

Genozidioaren azalpen sakonagoetan sartu orduko, komeni da Ruanda Afrika erdialdeko estatu bat dela jakitea, Uganda, Kongoko Errepublika Demokratikoa, Burundi eta Tanzaniarekin muga egiten duena. Uganda eta Burundin bezala, Ruandako lurretan mendeetan zehar hiru etnia desberdin bizi izan dira bakean: populazioaren %80 >Hutu-ak, %14 ziren Tutsi-ak eta gainontzekoa Twa izeneko etnia. Tutsi eta Hutu etniaren artean ez zen fisikoari, erlijioari edota hizkuntzari dagokiola inolako bereizketarik egin mendeetan zehar, eta gerora helduko zen kolonizazio prozesua (Belgikaren eskuetan) izan zen bereizketa horiek sortuko zituena.

1914rarte Alemaniaren kolonia izan zen Ruanda, eta Lehen Mundu Gerraren ondoren pasa zen kolonia belgikar bat izatera. Garai honetan eman ziren bi etnia nagusien arteko bereizketa, belgikarrek pribilegioz tratatu baitzituzten Tutsiak: beraiek soilik zuten hezkuntzarako eskubidea, eta Hutuak gogoz kontrako lanetara behartuak izan ziren.

1959an Mutara III Rudahigwa errege hil zen (Tutsia) eta bere anaiak ordezkatu zuen tronuan. Urte horretan Hutuen protestak hasi ziren, eta bi urte geroago, 1961ean, larritu egin ziren. Une honetan, belgikarren laguntzarekin, Hutuek boterea eskuratu zuten, Ruandako errepublika aldarrikatu eta monarkia kenduaz. Honekin batera, Tutsien aurkako erasoak hasten dira Hutu gobernuaren eskutik, eta horietako askok ondoko herrialdeetara ihes egiteko hautua egiten dute, hala nola, Ugandara. Estatu honetan sortu zen Ruandaren etorkizunean zeresan handia emango zuen FPR (Front Patriotique Rwandais, Ruandako Fronte Abertzalea).

1973an, Juvenal Habyarimana militar Hutuak boterea lortu zuen estatu-kolpe baten bidez. Hurrengo urtean, Frantziak kooperazio tekniko-militar bat sinatu zuen Ruandarekin. Akordio honen arrazoien artean ez dago antzekotasun politiko-ideologikorik, baizik eta Frantziak atzerri politikan duen prioritate nagusienetako bat: frantziar kolonia ohietan garai baten izandako influentzia mantentzea (francophonie). Beste alde batetik, Estatu Batuak-ek, Afrika erdialdean bere eragina izan nahi zuenak, beti izan zuen harreman ona Tutsiekin (gehienak Ugandan erbesteratuak Hutuek boterea hartu ondoren).

1990an FPRa Ruandan sartzen da, gerrilla gerra bati hasiera emanez. Urteetan luzatuko zen gerra honek egoera ezegonkor bat eratu zuen Ruandan 1990 eta 1994 artean, Ruandako Gerra Zibila bezala ezaguna izango dena.

Testuinguru honetan, 1994ko apirilaren 6an, misil batek behera bota zuen Juvenal Habiarymana Ruandako presidentearen hegazkina. Kaos egoera ekarri zuen ekintza honek, “Ruandako sarraskia” bezala ezaguna den gertaera eraginez, zeinetan 800.000 Tutsi matxete bidez erail zituzten Hutu etniako jendeek, lau hiletan soilik.

ruanda-anos-despues-genocidio_tinima20140331_1398_5Genozidioari hasiera eman zion gertakari hau nork eragin zuen oso eztabaidatua izan zen garai hartan. Hasiera batean, Hutuek Tutsiei egotzi zieten ekintzaren ardura, hala ere, gerora muturreko Hutu batzuk izan zirenaren ustea zabaldu zen. Muturreko Hutu hauek ekintzaren egileak izana zabaltzearen arrazoia hilabete batzuk lehenago sinatu ziren Arusha akordioetan datza. Presidenteak NBErekin negoziatutako akordio batzuk izan ziren hauek, eta bertan atzerriratu behar izan zuten Tutsiei Ruandara itzultzen utziko zitzaiela adostu zen. Azkenean, genozidioaren ondoren boterea lortuko zuen Kagameren (FPRko partaidea) erregimen Tutsiari egingo zion mesede bertsio oker hau zabaldu izana, hauek izan baitziren (FPR) ekintzaren arduradunak.

Atentatu honen atzean, ordea, bazen beste errealitate gordinik: Estatu Batuak-en eskua. EEBBek Ruandan kaos egoera bat lortu nahi zuen, FPRak boterea lortu ahal izateko. Ruanda baina, Estatu Batuak-en benetako asmoen lehen pausua zen soilik. Beraien asmoa Ruanda aliatu batetik beraien jomuga zen Zaireri (gaur egungo Kongoko Errepublika Demokratikoa) gerra deklaratzea zen, bigarren herrialde hau lortzeko, biziki aberatsa baita lurralde hau mineraletan, eta batez ere, horren baliotsua den Koltanean. Hau horrela, esan daiteke, genozidioaren azken muturrean, benetako arrazoian EEBen interes geoekonomikoak zeudela, eta ez sinestarazi nahi izan den arazo etnikoak.

Genozidio hau bukatu zen Front Patriotique Rwandaisek Ruandako hiriburua, Kigali, hartu zuen, eta horrekin boterea eskuratu zuenean. Une horretan sarraskiaren beste atal bat gertatu zen, horren ezaguna ez dena. FPRko Tutsiek botera lortu zutenean, Hutuen aurkako jazarpena hasi zen, 200.000 Hutu erailez. 100 egun iraun zituen genozidioa bukatzean, Paul Kagame (FPRko komandantea, Fort Leavenworthen (Kansas, EEBB) entrenatu zutena) Ruandako gobernura iritsi zen, presidenteorde bezala. Gobernu hura Pasteur Bizimungu zuen buru, Hutu etnikoa, 1990 urtetik Tutsiz beteriko FPRko militantea. Pertsona honen figurak Hutuen haserrea zerbait baretzea lortu zuen (genozidioa eragin baina boterea galdu zutenak), beraien etniako bat gobernuburu ikusita.

Urtebete beranduago argiki azaldu zituen Estatu Batuakek bere nahiak Ruandan, Kongoko Errepublika Demokratikoan (Zaire ohia) gerla bat eraginez (gaur egun oraindik bukatu ez dena), 2 milioi hildako inguru utzi dituena.

cfez97exiaab7nvEstatu Batuaken paper ankerraz gain, Frantziak ere izan zuen bere erantzukizuna genozidioan. Ez da soilik erruduna basakeria guzti horren aurrean ezer ez egin izanagatik, urte luzez (baita genozidio garaian) Hutuen gobernua laguntzeagatik baizik. Gainera, genozidioaren erantzule ziren hainbat Hutu herrialdetik atera zituzten, Turkesa operazioaren bidez.

2014ean Frantzian ospatu zen genozidioaren inguruko lehen epaiketa. Tamalez, litekeena da, indar militarrak eta Frantzia gisako potentziak barneratzen dituen horrelako beste prozesu gehienak bezala, epaiketa hori ezerezean geratzea, behin eta berriro atzeratuz, guztiz ahaztu arte.

Guzti honekin batera, Ruandako gatazkan NBEk, beste behin, erakutsi zuen politika internazionalean aktore ahul bat dela. Beste helburu batzuen artean, kooperazio eta laguntza humanitario bidez nazioarteko segurtasuna eta bakea bilatzen duen erakunde internazional honek jarrera konplizea izan zuen sarraskiaren aurrean, ezer ez eginaz. UNAMIR berak (Ruandarako Nazio Batuen Asistentzia Misioa) ere ez zuen ezer ez egin, nahiz eta, Romeo Dallaire jeneralak Kigaliko eremua behintzat babestu ahalko zutela esan. NBEko Kuartel Nagusiaren erantzuna Frantzia eta Belgikako tropekin kolaboratu behar zutela izan zen, frantziar eta belgiar hiritarrak Ruandatik ebakuatzen lagunduz. Pasibotasun honen atzean, Estatu Batuak eta Frantzia bezalako potentzien eskuak zeuden, Erresuma Batua, Txina eta Errusiarekin batera, NBEko Segurtasun Kontseilu-kide izaki, organizazioa beraien nahietara erabiltzeko aukera baitute.

Horrela, beste behin, mendebaldeko interes geopolitikoek sufrikarioa eta heriotza eraman zuten hirugarren mundu txiro eta arpilatura. Deskolonizazio prozesuarekin batera Afrikako herrialdeek beraien askatasuna lortu zutela dirudien arren, neokolonialismoaren garai hauetan, ez da beharrezkoa estatu osoa kontrolatzea norberaren mesederako. Nahikoa da, Ruandako gertakariek erakutsi ziguten bezala, ezegonkortasuna sortu eta gatazkako aldeak armaz hornitzea (momentu berean armen trafikoa bezalako negozio aberatsak sortuz). Eta azkenean helburua lortzen bada (Koltana, petrolioa, diamanteak,…) berdin du bide ertzak milioika hilotzez bete behar izatea.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s