IRITZIA

Nazkatuta Gaude!

14708153_1274490449275226_4176692745802415954_nNazkatuak gaude jada! Higuina ematen digute gaur egun ere horrelako gertaerak gertatzea. Eta gertatzeaz gain, horrelako oihartzun mediatikoa izatea. Benetan egiten zaigu desatsegin eta amorragarri. Bai, Altsasuko asteburu gaueko gertaeraz ari naiz, nola ez. Gertatu ote da beste ezer Euskal Herrian (eta bidenabar, Espainia osoan) ostiral gautik gaurdaino? Antza ez.

Bertsio ofizialak (inoiz ere ez dena dudan jarri behar antza) esan du instituzio armatuko bi kide eta beraien bikoteak Altsasuko taberna batean zeudela, irainduak, erasotuak eta kolpatuak izan zirela. Iturri beren arabera, 50 bat pertsonek egindako enboskada edo segada bat izan zen. Aurrez planeatutako zerbait izan zitekeela ematen duela ere entzun da. Horren erruz, bi goardia zibiletako batek ebakuntza izan zuen orkatila baten, eta beste hiru pertsonek polikontusio arinak izan zituzten.

Ezer kontrastatzeko denbora gabe (ezta gogorik ere dirudi), Uxue Barkosek zuzendutako Nafarroako Gobernuak gogorki salatu du gertakaria, eta elkarbizitza, errespetua eta bakearen kultura eskatu du. Barkos eta bere gobernua Nafarroan Goardia Zibilarekin egoera zein den jakinagatik ere (eta Sakanako egoera benetan da aipagarria), ez dute momentu baten ere ezbaian jarri bertsio hori.

Eta hau, “aldaketaren” Nafarroako Gobernutik datorren akusazio gisa bereziki mingarria den arren, asko eta asko izan dira ostiral gaueko gertakariaren harira entzundakoak. Espainiar Kongresuan gertaera gaitzetsi eta goardia zibilei babes osoa eman zioten PP, PSOE, C’s, Unidos Podemos (benetan?) eta PNVk (espero lez). Betiko lez, espainiar medioak izan dira oihartzuna eman eta lehen orrialde gehien bete dituztenak. Hala nola, El Español-ek Altsasuko herria “lurralde arrotz” legez sailkatu du. Hori da, liskarrean parte hartzen zuten pertsonak kriminalizatzea gutxi iritzi, eta herri osoa kriminalizatzera pasa da. El Confidencial-ek, berriz, zera dio, “benenoak bertan dirau oraindik, bertan sortu baitzen ETA”. Ez dezala gezur eta ezjakintasunak zure berri gogoangarri bat desitxuratu! Beste behin ikusi ahal izan da, edozerrek balio duela Euskal Herriaren kontra, eta oraingoan Altsasuko herriari tokatu zaio.

altsasuBaina beno, guk bederen, beste bertsioari emango diogu kabida gurean. Ospa Mugimenduak jakinarazi duenez, herria eskarmentaturik dago horrelako gertaerekin, eta beste behin, bi goardia zibil, hordi eta jarrera harroputzez, jendea iraintzen hasi ziren, “hil egingo zaitut” eta “tiro bat emango dizut” bezalako mehatxuekin. Horren ondorioz, bertan zeuden batzuk beraiek jotzen hasi ziren, eta horrela atera ziren zaurituak bi goardia zibilak eta beraien bikoteak.

Gertaera hau Fenández Díazek ez du Kale Borroka edota terrorismo ekintza bezala sailkatu, “gorroto delitu” moduan baizik (lehenengokoa esateak bere ahotik horrenbestetan entzun den “guk garaitu dugu ETA eta Kale Borroka” esaldiaren aurka joango denaren beldur akaso). Hala ere, ez da txantxetarako gauza gorroto delitu gisa tipifikatzea ekintza, kasik 10 urteko kartzela zigorra suposa dezakeelako horrek.

Gorroto delitu gisa kalifikatzearen arrazoia zera da, zauritutako pertsonak ez zirela, beste barik, bi pertsona kolpatzea izan, baizik eta, goardia zibil izateagatik jo zirela. Hots, Goardia Zibil instituzio militar osoa erasotzea esan nahi duela (eta hori izan zela atxilotutako pertsonen nahia), gutxi gorabehera. Hori esan du Fernández Díazek, ahantzirik (edo entzungor eginik) bi pertsona horiek izandako jarrera probokatzaile eta mehatxatzailea.

Ederki. Hau horrela, pertsona horien aurretiazko hezkuntzara jotzen dugu (kasu honetan, atxilotuak izan zirenera). Barruan, hezkuntzan, zeukaten gorrotoaren adierazle gisa irudikatu da, beraz, erasoa, aurrez aipatutako titularrek esan duten gisara gertatu zela (El Confidencialen “benenoak bertan dirau oraindik” hori).

muntai-polizialen-001Irakurketa hau onargarria bada, zergatik ez dugu gauza bera egiten San Ferminetan jazotako eraso matxistarekin? Kasu horretan, 5 bortxatzaileetako bi goardia zibil eta espainiar armadako militarrak ziren. Ulertu behar ahal dugu orduan, bortxaketa hau Goardia Zibil eta espainiar armadak instituzio gisa burutu zutela? Seguruenik ez dugu horrelako irakurketarik entzungo baina. Lehenik eta behin, kasu honetan bost pertsona horien inozentzia babestu behar delako errudunak direla erakutsi arte (eta ezabatu ditzagun bide batez, nola ez, periodiko eta telebistatik beraien aurpegiak arren, ez baitakigu errudunak diren edo ez!). Eta bortxaketa horren erantzule direla erakusten denean, bereizi ditzagun Goardia Zibil instituzio militar eta espainiar armadatik, ez baitira instituzioaren eredu. Hipokresia eta ekintzen (eta legeen) irakurketa bikoitza berriro ere!

Horregatik denagatik aspertuta gaude, nazkatuta guztiz. Mila bider esan dugu, eta berriro eta beti esango dugu, ez zaituztegu behar, ezta nahi ere! Euskal Herriko kale eta tabernak edozein pertsonentzat daude irekiak, nola ez, berdin da Altsasukoa izan jaiotzez, Murtzia, Siria, Nigeria edota Kolonbiakoa. Denok gara ongi etorriak Euskal Herrian. Baina, hau argi eduki, ez ditugu onartuko indar militar errepresorerik gure kaleetan.

Beraz, oraingoan bai, ez naiz kolpatutako pertsona horietaz ari hizketan. Orain bai, Fernández Díaz jauna, Goardia Zibilaz ari naiz, bere osotasunean, instituzio militar gisa. Joan zaitezte pikutara! Eta ez zaitezte egundo itzuli!

Uler itzazu hitzok, ministro jauna, nire gorroto maitekor guztiarekin, otoi.

Advertisements

One thought on “Nazkatuta Gaude!

  1. Pingback-a: Beldurraren Doktrina |

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s