SORTZAILEEN TXOKOA

Besarkadak Kilometroak Beharrean

download2Zenbat idatzi ote da kristal lodi honi buruz. Aukeran, larregi. Nahiago nuke nire hitzok beste norabide bat hartzea, beste norantza bat. Baina ezin, berriro ere ihesi doazkigu. Urruti. Urruti. Badoaz.

Ahantzi dut aspaldi nire alboan doana. Begirada lausoz dakusat errepidea, ezer ikusteko asmo zipitzik gabe. Ez da haserrea, ez da tristura, ezta ezinegona. Beste sentsazio edo sentimendu bat da, eta ez zait erraza egiten deskribatzea. Nire gogoak eta gorputza batera joango ez balira legez. Urruti sentitzen dut bata bestetik. Gauza beraren bi zati elkartezin naizen sentsazio arraroak estaltzen nau beti.

Kotxeko argiek puskatzen dute iluna soilik, eta gurpil beroen zurrunbiloek isiltasuna. Hustasun desatsegin hau daukat bidaide beti. Nirea da oso bera, nireena seguraski, baina ezin dut berau arrotz sentitzea ekidin. Ene barruak jaten dituen xangre anker baten lez, higitzen dizkit erraiak, Calabriako Rusca madarikatu horrek bezala.

downloadHogeita bat. Hogeita bi. Hogeita hirugarren herria ere pasa dugu jada. Gustuko dut pentsatzea horietako bakoitza dela ene herria, eta imajinatzea goxo-goxo nagoela errepidetik ikusten diren etxe horietako ohe guztietan lo, goizaldeko ordu txikitan despertadorea jartzeko inolako ardurarik gabe. Eta iratzarri ahala, xirrika hasten garela, atearen bestaldetik oihurik entzungo ez dugunaren konbentzimendu eta lasaitasun osoz. Goizak, arratsaldeak zein gauak gureak izan daitezkela, hitz egiteko, ukitzeko, elkarren ondoan lasai-lasai irakurtzeko, sexurako. Gura dugun guztiaz libreki gozatzeko. Baina guzti hau imajinatzea lortu aurretik, galdu ditut begi bistatik etxeok. Txikiegiak dira lautada amaigabe honetako herrixkak.

Horrela, distantzia kilometrotan edo ordutan ez neurtzeko adoreak bortxatu ninduela uste dut iragan aldian. Konpainian eta besarkadatan kuantifikatzera behartu nauenaren susmoa daukat. Eta egia esan behar badut, nahiago dut horrela. Humanoagoa eta samurragoa egiten du sorlekua atzean utzi behar izatea. Posible bada bederen, mendekua samurtasunez itotzea.

Advertisements

One thought on “Besarkadak Kilometroak Beharrean

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s