IRITZIA

Irailak 25eko Hauteskundeak EAEn

legelbiltzarraIrailak 25a gainean daukagu. Gaur, hilak 23, ostirala, “demokraziaren” jai handia ospatzeko bi egun falta dira (herritarren parte hartzea noizean behineko bozkara mugatzen den sistema honetan). Eta bihar hausnarketa eguna, alderdiek botoa eskatu bitartean herritarrak hausnartzeko gai ez diren haurrak izango bagina bezala. Paternalismo faltsuak. Beraz, esan beharrekoa esana dago. Alderdi eta koalizioek eginak dituzte debateak, mitin jendetsuak, bideo elektoralak (batzuk besteak baino biralagoak), buzoneoak, jarri dituzte kartel andana,… Eta horren aurrean, hona gure analisi xumea.

Hasteko, nola ez PNVri buruz berba egin behar (Jaun-Goikua Eta Lagi-zarraren izenean). Ez dira alperrik izan azkeneko 40 urteak (ia osorik) Lehendakaritzan. Biziki erraza da jeltzaleen kanpainako diskurtsoa laburbiltzea. Betiko lez, iparraldeko (estatukoa, noski) Arcadia zoriontsu gisa saldu dute Euskadi (Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa), xirimiriz bustiriko Paradisua bezala, Hades espainiarretik datozen zenbaki txarretatik ihes egitea lortzen duena.

pnv-ganaria-las-autonomicas-seguido-de-podemos-como-segunda-fuerza-politicaBaina chauvinismo hau, zeinek esaten duen euskal labela duen oro dela hobea Espainiatik datorrena edozer baino (diskurtsoa PNVrena oso, Sabino Aranaren garaietatik), ez dator bat datu sozio-ekonomikoekin. Onartu beharra dago langabezia-tasa nahiko txikiagoa dela (%13,75 Espainiako %20 ingurukoaren aurrean), baina kontratuen ehuneko izugarri bat (%90etik gora) aldizkakoak dira. Gainera, desberdintasun soziala ikaragarria da baita, %1,67ak aberastasunaren %44,78a baitauka, eta %36,33a pobreziaren atariaren azpitik kokatzen da, muga hau BPG per capitaren %37,5 bezala ulertuz (Elkartzen plataformako Nekane Juradoren datuak, “La herencia del gobierno de Urkullu” artikulutik hartuak). Desberdintasun sozial honen aurrean, PNVren gobernuak DBEa (RGI gazteleraz) %21 jaitsi du azken legegintzaldian eta Europar Batasunak baino 4 puntu gutxiago bideratzen ditu babes sozialera. Datu gehiago eman daiteke, hala nola, iruzur fiskalak suposatzen duen zuloa edo AHTak irensten duen diru publiko izugarria, baina gaitik aldentzen ari gara (edo agian ez horrenbeste).

mendia-pse-pp-corruptos-podemos_ediima20160616_0303_4PSE, berriz, Marotada bat egiten saiatu da, baina xenofobia eta DBE (RGI) erabili beharrean, administrazioetan euskarak duen rolaz aritu da. EAEko gizartean gaia tabu bat bezala irudikatu asmoz, Idoia Mendiak bere burua jarri du bi hizkuntza ofizialak menderatu nahi ez, eta administrazio publikoetan lan egin gura duten pertsona horien salbatzaile bezala. Utziko didazue nire iritzi subjektiboa esaten (beste behin). Planteamendu hau onartezina da. Sinestarazi nahi digute pertsona batek egindako elebakartasunaren aldeko hautua (tokiko hizkuntza ofizialei buruz ari garenean behintzat) beste pertsonak hizkuntza ofizial baten artatua izateko eskubidearen gainetik dagoela. Gabriel Rufianek Rajoyri esandako “jende elebakarra, jende elebidunari esaten eleanitza izatea” baino exagerazio oraindik zentzugabeagoa da, zeren eta, kasu honetan zera gertatzen da: “jende elebakarra, jende elebidunari esaten jende elebakarra izateko”. Erokeria hutsa. Europako altxor linguistikoa den hizkuntza (hizkuntza zaharrenetarikoa da eta ez da ezagutzen ahaideturiko besterik) ikasteko aukera aprobetxatu beharrean, ez ikastea (edo ez erabiltzea bederen) inposatu nahi dute. Euskararen kontra edozer egin daitekela sinestarazi dute antza mendeetan zeharreko horrenbeste lege ankerrek.

2015101514210867331Eta PPri buruz zer esan. Beraien burua Espainiaren batasunaren aldeko gerlari bakar bezala irudikatu arren, jakin badakite gaur egun ez direla lehen izan zirena, eta azukre koxkor baten gisa disolbatzen ari direla ur handiegietan. 2001eko ia 330.000 bozka eta 19 eskainutik, 2012ko 130.000 bozka eta 10 eskainutara pasa dira. Eta beherako joera daramate. Ez dute onartu nahi Espainian dudarik gabeko lehen indarra izan arren, bosgarren indar ahul bat direla EAEn. Hala ere, seguruenik, lortzen dituzten emaitzak lorturik ere, ahaleginduko direla PNVrekin beharrezko aliantzak lortzen hauek Rajoyren aldeko inbestiduran laguntzeko.

Ciudadanosek, berriz, meme asko egiteko aukera eman duten esloganekin, aunitz kostako zaie Parlamentuan sartzea. Estatu mailan eraikitako karta-gaztelua erortzen doan heinean, karta gorri eta urdinak lotsa eta zentzugabe erabiltzeagatik, Gorka Maneiro nekaezinak utzitako lekua betetzea helburu dutela dirudi. UPyDren bertsio cool eta naranja.

14733286293830Elkarrekin Podemosen kanpaina, ostera, arazo nabarmenekin hasi zen, irailak 8a baino askoz lehenagotik. Ezetz bat baino gehiago jaso ondoren, beraien oinarriek Pili Zabala aukeratu zuten lehendakarigai bezala. Denborak argi utzi du, ordea, aukeraketa ez dela oso ona izan. Lehenik eta behin, bere perfil pertsonal eta familiarrak bozkak lortzeko eremua EH Bildura mugatu duelako kasik, ez baita erraza pentsatzea PSEko norbaitek Joxi Zabalaren arrebari bozka emango dionik. Eta bigarrenik, guda politikoan lehen lerroan egoteko prest ez zegoela ikusi delako. Ahul eta galdurik ikusi dugu debateetan, eta ez da hobe ibili komunikabideei egindako adierazpen eta elkarrizketetan (adibide gisa, DNIari eta AHTari buruzko adierazpenak edota bere etxeari buruzko afera). Une berean, Elkarrekin Podemoseko komunikazio arduradunei ere egotzi behar zaie beraien ardurak, koalizioak hauteskunde estataletan erakutsitako komunikazio ahalmen eta originalitatetik oso urrun egon baitira. Akaso, Galiziako bozetan izango dute begia jarria (sorpassorako aukerak badaude eta Feijóo kargutik botako duen gobernu alternatibo bat eratzekoak) edo bestela Madrileko blokeo egoeran, edo, apika, alderdiaren beraren egituratze fasetik sortutako desadostasunetan.

Eta azkenik, EH Bildu. Aldebiko diskurtsoa erabili dute. Batzuetan, euskal subiranismoaren izenean PNVri keinuka; besteetan, bere ezker izaerari jarraituz, Elkarrekin Podemosi eskua luzatuz. Eta biei gai hauetan paktu garrantzitsuak eskatuz. Planteamendu honekin nahi izan du (bere bi izaerak asetu gura izateaz gain, edozein ezker independentistek bezala) beste bi alderdien erdian kokatu, horrela bien bozkak jaso ahal izateko. Baina, baliteke kontrako efektua izatea ere, eta bere bozkak bi aldeetara ihes egitea.

miribillan

Programa politiko mardul batekin arlo sozio-politiko-ekonomiko denak jorratzeaz gain, zerrendaburu borobilak aurkeztu ditu. Arnaldoren irudi ikonikotik haratago (estatuko botere politikoak bere eskubide politikoak ukatu dizkion bitartean, gure aurreko artikulu baten esan bezala), emakumeak politikaren batailan ahaldundu nahi izan ditu. Horren aldeko apustu irmoa eginez, erakutsi gura izan du emakumeek politikan duten presentzia ezin daitekela mugatu generazio bakoitzean hauetako bat aurreneko lerroan jartzera. Ez. Hiru pertsonalitate dauzkaten hiru emakume aurkeztu dizkigu, hiru iragan desberdinekin. Miren, alderdi politikoena, Gasteizetik Maroto kanporatzea ahalbidetu duena da (herri mobilizatuarekin batera, nola ez), eta horregatik da horren maitatua bertan. Maddalen, EITBko beteranoa eta pantailan ordu asko dituena, alderdi mediatikoena da. Ibilbide profesional ikaragarri bat alde batera uzteko prest agertu da, bere egiten dituen proiektu politiko eta herri baten alde lan egiteagatik. Eta Jasone, gertukoena egiten den alderdia, hori dela eta, akaso, baita humanoena ere. Erakutsi digu emakume guztioi (eta baita gizonezkoei ere) politika jende xumearen eskura ere badagoela.

Hau da daukagun panorama. Inkestek (askotan huts egin duten horiek), PNV daukate Ajuria-Enea berriz okupatzeko hautagai nagusiena bezala. Ondoren, EH Bildu dator, Elkarrekin Podemosek gertutik segitzen dion bitartean. Azkenik, atzeraka doan PSE bat eta PP. Ciudadanos Parlamentuan egongo den edo ez, inork ez daki. Eserlekuen banaketa honekin, espero daitekeen paktua PNV-PSErena da (ez horregatik naturalena), gaur egun EAEko instituzio denetan dagoen bera. Bi honen gehiketak, ordea, EH Bildu-Elkarrekin Podemosen gehiketak baino gutxiago emanez gero, egon ziur hor izango dela PP ezker ankerrak gobernua hartzea ekiditeko prest. Hala ere, EH Bildu-Elkarrekin Podemos paktua zail ikusten da, bi koalizioek erakutsi baitute ez daudela PNV bere tronutik botatzeko asmo handiegirekin (akaso oso zaila irizten diotelako).

Baina nahiz eta egoera hori izan, baliteke aldaketa sozial eta politikoaren aldeko pertsonek zerekin kontsolatu edukitzea, ikusirik aldaketa horren aldeko alderdiek pasa den legegintzaldian baino eserleku gehiago dituztela, Elkarrekin Podemos baturik lehen EH Bilduk soilik borrokatzen zuen guda zelaira.  Hori dela eta, ezkerreko gobernu bat egon ez arren, apika aukera ona da alderdi hauentzat PNV agerian uzteko EAEko jendartearen aurrean, erakutsiz PSE eta PP bezalako beste alderdi bat dela, Pablo Iglesiasek esan bezala, PNV ere casta baita. Eta prest egon beharra dagoela, gehiketek baimentzen dutenean, triunbiratu neoliberala boteretik botatzeko, gizarte justuago baten eta demokraziaren izenean.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s