IRITZIA

Aldatzeko Ordua Da

6a0120a69a468c970c017c37746767970bUrte asko pasatu dira jada benetako ezkerrak, ezker eraldatzaileak estatu baten botere makinaria eskuratzen ez duela. Periferiako kolonia ohietako iraultzetako garrak aspaldi itzaliak dira, eta urrunago geratzen da oraindik Urriko Iraultza sonatua(pasatu dira kasik 100 urte). Gertuen ditugun esperientzietara joaz, Latinoamerikako ia bi hamarkada ederretara egin behar dugu bidaia, tamalez, bukaerara iristen ari direla ematen duena (edo gutxienez ez du lehengo indar bera mantentzen: Brasil, Venezuela,… Gobernura iritsitako azken ezker europarraz berba egiterako orduan, nola ez, Greziara egin behar dugu so (nahiz eta, saminez ahantzi beharra daukagun 2015eko uztailaren 5eko erreferendumeko OXI ozena isildu eta gero Syrizaren gobernuak hartutako bidea).

Errealitate gordin honen aurrean, eta horrenbeste urtez boterea lortzeko ezintasuna justifikatu edo azaldu nahian, argumentuak bilatzen saiatu izan da ezkerra. Eta mota askotako arrazoiak dira aurkitu direnak. Azalpen horietako batzuk kanpora begira jarri dute fokua, ezkerretik at, kanpo baldintzetan. Horietako bat, eta erabilienetakoa, zentsura mediatikoarena da. Ezkerrak bere ideia eta diskurtsoak hiritarren gehiengora helarazteko dituen zailtasunen artean bada komunikabideetatik jasandako zentsura. Ekuadoreko presidente Rafael Correak esan zuen bezala, “inprenta asmatu zenetik, adierazpen askatasuna inprentaren jabearen nahia da”. Horrez gain, gizakion berezko izaera kontserbadorean ere saiatu izan da inoiz azalpena bilatzen, aldaketek dakarten etorkizun ez ziurraren aurreko beldurra.

Baina azalpen hauetatik haratago, komeni da ezkerrak bere baitan dituen edo berak egiten dituen akatsetara begira jartzea, asko baitira historian zehar egindako hutsak, gaur egun egiten dituenak, eta, seguruenik ere, etorkizunean egingo dituenak.

180392Duela 200 urte inguru hasi zen espektro politikoa ezker-eskuin arteko ardatzean bereizten. Eta ordutik gaurdaino asko, larregi, da ezkerrak etsaiari oparitutakoa. Zentzugabeki emandako gauza askoren artean, aipatzekoa dira Ilustrazioaren garaipenak. Maisuki adierazten digu hau Carlos Fernández Liria-k bere liburu paregabean, En defensa del populismo. Bere aburuz, ezkerrak muzin egin die “Zuzenbide estatua” edo “Hiritartasun” terminoei, eta horiek ordezkatu asmoaz “Langileriaren edo Proletarioaren Diktadura” edota “Gizon berria” sortu ditu. Azken bi kontzeptu hauek gutxiesteko inongo asmorik gabe, egindako negozioa benetan eskasa izan da. Ez zen egokia izan, ez zuelako kontzeptua edo instrumentua bera erabiltzeko modutik bereizten jakin. Hots, Demokrazia edo Zuzenbide estatua, instrumentu edo kontzeptu soilak direnak, desberdintasun sozialaren edo kapitalismo ankerrenaren mesedetan erabili izanak ez du esan nahi kontzeptuak, funtsean, txarrak direnik, baizik eta berau erabili duten pertsonak izan direla ustelak.

Eta noski, logika (oker) hau jarraiki, ezkerrak hartutako bidea antisistema, kontrakulturala izatea izan da, alternatiba izatea, bazter edo ertzekoen diskurtsoa egitea. Kontrakultura honen bilaketak, usu autokonplazentzia moral eta intelektualean gehiago errotu dena eraldaketa sozialean baino, ez du asko lagundu (eta batzuetan asmorik ere ez du izan) gizarteko klase behartsu eta baxuenak biltzen. Zinez uste ahal dugu klase baxuenak, beraien posizio sozial eta ekonomikoa dela medio uneoro baztertuak direnak, bazterkeria gehiago eskaintzen dioten diskurtso politiko eta sozialetara batuko direla (oso modernoa eta cool-a izan arren ere)?

Hori dela eta, eta urte luzeegiz ezkerrak daraman logika maltzur hau behingoz atzean utzi asmoz, bazterretako diskurtsoekin duen fetitxe hori alboratu beharko luke, alternatibo izatearena. Soilik bazterreko identitate horiek ukatuak izan zirenean eta aldaketarako palanka gisa erabili ahal izan zirenean izan zen erabilgarri logika hau, 70eko hamarkadan bezala. Baina kapitalismo berantiarrak identitate eta komunitate hauek (beltza, gay, etnikoa,…) bere baitan barnebildu zituenean, planteamendu honek bere zentzua galdu zuen.

puebloHorren aurrean, ezkerrak eztabaida politikoaren zentralitatea bilatu beharko luke (azken aldian horrenbeste entzun den centralidad del tablero hori). Ezkerrak bere egin behar ditu mundu guztiak ulertu eta errespetatzen dituen kontzeptu unibertsalak, eta gaur egun gobernuan dauden botereekiko antagoniko bezala irudikatu. Demokrazia hitza erreklamatu, eta argi utzi gaur egungo sistema hau, ez dakit zenbat urtean behin soilik bozkatzen uzten diguna, ez dela horrela deitzea merezi duen sistema bat. Argi utzi Zuzenbide Estatuak gizarte osoa babestu behar duela eskubide berdinez, eta ez elite politiko eta ekonomiko bat bakarrik. Ozen esan pertsonen askatasuna ez dela mehatxu zuzen ezean eta merkatu askatasunean oinarritzen, baizik eta etxebizitza, osasun, hezkuntza eta lanpostu bat izateko eskubide eta segurtasunean.

Ezkerrak guzti honi muzin egiten dion bitartean, logika politiko eta sozialaren izenean bereak diren kontzeptu eta ideiak baztertzen dituen bitartean, bide antzua izango du aurretik. Eskuinari oparituko dio zentralitate politikoaren ordezkari izatearen erosotasuna. Eta bitartean bazterrera kondenatuko dugu gure burua, eraldaketa sozialerako gaitasun ezera. Baina baliteke batzuetan erosoago egotea egoera horretan, gizartea errotik aldatzeko ardurarik hartu gabe.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s