IRITZIA

Yemen, Gerra Isildua

CGa3LtXW8AAFPjiAzken boladan gerrari buruzko berriak iristen zaizkigu uneoro hedabideetatik. Siria, Libia, Irak, Afganistan,… Zerrenda zinez luzea, tamalez. Baina guzti hauen artean, bada bat komunikabideek beti “ahanzten” dutena: Yemen. Azken urteetako eta gaur eguneko analisi xume honen bidez, saiatuko gara nahita horren izkutatua izan den gatazka honi buruz datu gutxi batzuk plazaratzen.

Yemen arabiar penintsulako herrialderik txiroena da, eta 2011rarte Ali Abdullah Saleh izan zuen presidente, EEBB eta Yemenen iparraldean aurkitu eta monarkia wahabita bat den Arabia Saudiren laguna. Mendebaldearentzako deserosoak ziren liderrak (Gadafi, Al-Asad edota aiatola iraniarrak) kargutik kentzeko balio izan zuten arabiar udaberriek ordea, albo-kalteak ere izan zituzten. Saleh, Mendebaldeko mundu “aurreratuaren” lagun zena, kargutik kentzea ere lortu zuen Yemeneko herriak. Hala ere, mugimendu gatopardista edo lampedusiano perfektu batekin, Saleh-ek bere presidenteordea, Hadi, jarri zuen boterean. Zerbait aldatu dena berdin geratzeko.

Protestak, berriz, ez ziren eten, eta oposizioko indarrek (hutiak ziren, eta dira, erreferentzia) Sana hiriburua bereganatzea lortu zuten 2014ko irailean. Bitartean, Hadi-k Aden-era egin zuen ihesi, herrialdeko bigarren hirira. Hutiek aurrera jarraitu zuten, eta 2015eko martxoan, hauen indarraren beldur, Hadi-k Saudi Arabiak zuzendutako Koalizioari dei egin zien, oposizioaren aurkako borrokan laguntzeko. Baietza izan zen hauen erantzuna eta segituan hasi ziren Yemen bonbardatzen.

Bonbardaketa hauek, laster lehen urteurrena beteko dutenak, milaka biktima (gehienak zibilak) eta milioika desplazatu eragin dituzte. Bien bitartean, Mendebalde demokratikoan, hedabideak mutu jarraitzen dute eta estatuek armak saltzen dizkiete Arabia Saudi eta Koalizioko herrialdeei (saltzaile hauen artean Espainiaren papera goraipatzekoa da, salmenta errekorrak hausten ari dena).

23-09-14-yemen-conflict-ancient-arabia-and-new-tech-kathryn-caveBaina zein da Saudi Arabia eta Koalizioko beste herrialdeek Yemen bonbardatzeko arrazoia? Bada, geopolitika, noski. Yemen, pobrea izan arren, penintsula arabiarreko hego-mendebaldean kokatuta dago, hots, itsaso gorriaren atari den Bab el-Mandeb itsasartean. Itsasarte hau egunero eta modu etengabean petrolioz lepo dauden milaka barkuk gurutzatzen dute. Zehazki esateko, egunean 4 milioi petrolio kupel pasatzen dira bertatik. Horregatik, izugarri garrantzitsua da gune geografiko honen kontrola edukitzea munduko egoera energetikoaren barruan.

Errealitate geopolitiko hau erlijioarekin nahasten da, Ekialde Hurbilean oso presente dagoena eta sunismo/xiismo ardatzean ulertzen dena. Hutiek ordezkatzen duten oposizioa xiita da, eta sunien ahotik entzuna da Iranekin erlazioak dituztela. Arrazoi hau, eta ingurua desegonkortzeko arriskua, nahikoa argumentu dira Koalizioarentzat (Saudi Arabiaz gain, Arabiar Emirerri Batuak, Qatar, Kuwait eta Bahrein daude) Yemen bonbardatzeko. Beraz, Iranek bere influentzia arabiar penintsulara hedatu ahal izatea nahiko arrazoi da Yemeneko herria ia urtebetez bonbardatzen egoteko (ilegalak diren dispertsio-bonba edo bombas de racimo delakoak ere erabili dituztela salatu dute hainbat GKE). Saud monarkiaren beldurrak gehiago hasten dira oraindik, kontuan hartuz gero pasa den uda hasieran Iranek sinatutako akordio nuklearra. Honi esker, Iran potentzia erregionala bihurtzeaz da eta ordurarte zeuzkan santzio ekonomikoez askatzea lortzen du, milaka milioi dolar berreskuratuz.

Koalizioak espero zuen baino askoz erresistentzia handiagoa erakusten ari da, ordea, Yemeneko oposizioa. Bonbardaketen biktimak milaka diren arren Yemeneko herrian, Saudi Arabiarentzat bere Vietnam partikularra bihurtzen ari da gerra hau. Odoluste izugarria izaten ari da, bai ekonomikoki, bai militarki. Hori horrela, Koalizioko kideek mertzenario internazionalengana jo behar izan dute. Honekin batera, Saud familiaren barruan ere gerra suposatzen ari den diru eta bizitza jario honen kontra azaldu dira, erregearen esanen aurka.

54c0ed7d72139e046e8b4581Orduan, hau izanda egoera, nola da posible Mendebaldeko hedabideak isilik egotea sarraski honen aurrean? Bada, berriro ere, geopolitika erantzun beharko. Saudi Arabia aliatu biziki preziatua da Mendebaldearentzat, beti desengokorra (desegonkortua) den Ekialde Hurbilean. Izugarrizko garrantzia du herrialde honek gai ekonomiko-energetikoetan (bereizezinak bi termino hauek mundu osoan, eta bereziki munduko txoko honetan), eta baita gai diplomatiko-militarretan (gerla diplomazia da, beste bide batzuetatik). Hori dela eta, eta esker ona erakutsi asmoz (eta baita bere burua zuritze aldera), Mendebaldeko herrialdeak Saudi Arabia eta bere aldeko beste erregimenen aurpegi onena erakusten saiatzen dira komunikabideetan. Hori dela eta, harrigarria irudituko zaigu agian, Saudi Arabia eta ISIS edo DAESH-en justizia aplikatzeko neurriak ia berdinak direla jakiteak (lapurretak eta adulterioak, adibidez, eskua moztea eta harrikatuta hiltzea dakar, hurrenez hurren). Baina hau da errealitate gordina.

Horrez gain, eta bere kanpo irudia hobetze aldera, Saud monarkiak nazioarteko komunikabideei ordaindu egiten diela salatu du Reporteros Sin Fronteras GKE. Honekin batera, Qatarreko emirraren oso gertuko pertsona batek 64 milioi €-ko inbertsioa egin du berriki Prisa komunikazio taldean. Uneoro izkutatua zaigun errealitate baten bi adibide besterik ez dira hauek.

Gezurra behin eta berriz errepikatzeko horrenbeste petrodolar inbertitu arren, ez da erraza Mendebaldearentzat, eta bereziki Estatu Batuentzat, Saudi Arabiari buruzko irudi ona saltzea. Saudi Arabia eta beste erregimen sunitek ISIS/DAESH finantziatzen dutela dioten informazioek, Saud monarkiak aplikatzen dituen justizia metodo bortitzak salatzen dituzten datuek,… sinesgarritasun eta legitimitatea kentzen diote diktadura teokratiko hauekin harremanak mantentzeari.

Hori dela eta, geopolitikako eszenatoki aldakor hauetan ez da erraza jakitea hemendik urtebetera zein izango den egoera. Oingo ostiralean, urtarrilak 29, Ginebran hasiko dira Siriako gatazka konpontzea helburu duten elkarrizketak. Bertan Al-Asad presidentea eta oposizioa egongo dira, Mendebaldeko delegaritza eta Turkia eta Errusiarekin batera. Errusiak kurduen presentzia ere eskatu du (paper garrantzitsua jokatzen ari baitira ISISen aurkako borrokan), turkoek ezetza esan duten bitartean. Negoziazioek gatazka hau konpontzen badute, arras garrantzitsua izango da ikustea zein norantzan egiten duen, seguraski bide hori izango baita Ekialde Hurbilak hartuko duena.

19564749_xl-620x400

Baina eszenatoki internazionaleko indar korrelazioak aldatzen ez diren bitartean, eta interes geopolitikoak eta petrodolarrak monarkia anakroniko eta beldurgarriekin batzen diren bitartean, egia mututua izango da iritzi publikoarentzat (publikatuarentzat). Horregatik, Yemenen gertatzen diren bonbardaketak salatzeko bide desberdinetatik horrenbeste lan egiten duten pertsonekin batzea nahiko genuke gure espazio murritz honetan, denon artean zentsura mediatiko honi behingoz buelta eman ahal izateko.

Ez dezagun utzi Yemeneko herria odolusten eta saia gaitezen komunikabideen fokuek bertara begiratzea.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s