ARTIKULUAK

Atez Atekoa: Alde ala Kontra?

gertuBukatu dira, antza, zaborrarekin izan ziren arazoak. Zalaparta handia sortu zuen pasa den legegintzaldian (2011-2015) gai honek, batez ere Gipuzkoan. Arraroa zen atez atekoa, erraustegia, 5. edukiontzia, (…) egunkari, aldizkari edota telebista kateetan agertzen ez zen eguna. Gaur egun, ordea, ez da apenas hitz egiten zaborraren kudeaketari buruz.

Zelan gertatu da bat-batean gai horrek inongo interesik ez piztea? Zabor sistemaz kexatzen ziren guztiek (hiritar, politiko, komunikabide,…) aurkitu al diete beraien arazoei konponbidea? Ezabatua izan al da horrenbeste arazo eman zituen atez ateko zabor bilketa sistema? Denak al daude zoriontsu gaur egun beraien herrietako sistemarekin? Bada, hori ematen du behintzat, gaia jasotzen ari den (edo hobe esanda, jasotzen ari ez den) tratamendu mediatikoari so egiten badiogu.

Zertan datza, baina, atez ateko sistema sonatuak? Medioek esaten zuten besteko sistema kaxkarra eta desatsegina al da? Eta, horrela baldin bada, zergatik tematu ziren horrenbeste Gipuzkoako diputazio eta hainbat herritan gobernuan zeudenak?

Artikulu honen bitartez sistema honen nondik norakoak azaltzen saiatuko gara. Baita ere atez atekoaren aurka azaldu direnen argumentuak zeintzuk izan diren eta zein punturaino diren egiazkoak eta zein punturaino gezurrezkoak. Seguraski, alde bakoitzak bere arrazoiaren zati bat izango du. Edo, agian ez.

Atez atekoa? Ez, eskerrik asko

Atez atekoaren aurka ahots asko entzun ahal izan dira azkeneko urteetan, eta denen artean esanguratsuenak El diario vasco bezalako komunikabideak edota PNV edo PSE bezalako alderdiak izan dira. Ia egunero ikusten zen atez atekoa, 5. edukiontziari edota erraustegiari buruzko berriren bat Vocento taldeko egunkari honetan. Eta PNV eta PSE alderdien politika nagusia atez atekoaren aurka egitera bideratuta egon izan da Gipuzkoan (nahiz eta Bizkaian ere herritarrei beldurra sartzeko ere erabili izan den).

Zeintzuk dira, baina, zaborra biltzeko sistema honen aurka erabiltzen diren argumentuak? Ondorengo esteka honetan Patxi Lopez lehendakari ohia agertzen da, Eitb-ren Euskadi Pregunta programa. 6:53 minutura joanez gero, atez atekoari buruzko galdera bat egiten dio herritar batek Lopezi, eta honen erantzunean ondo laburbilduta ikusi daitezke zaborrak biltzeko sistema horren aurka daudenen argumentuak. Horrela dio bere erantzunak: “atez ateko sistema ez da ez hobea, ez efizienteagoa, ez merkeagoa, eta ez du erraztasunik ematen zaborraren birziklapena hobea izan dadin”. Horrez gain, beste baieztapen batzuk ere egiten ditu, hala nola, garestiagoa dela, zikinagoa dela, edota sistema hau dela eta, herritarrek egun bakoitzean zer jan behar duten baldintzaturik daudela.

Aurkakoen beste argudioetako bat da sistema honek herritarren askatasun pertsonalari erasoa suposatzen diola. Hots, atez atekoak herritarrei beraien askatasunaren zati bat lapurtzen diola, ez birziklatzeko daukaten askatasuna, alegia.

Guzti hauetaz gain, bada beste argudio bat, gutxiago entzun arren, agian, beste guztiak baino garrantzitsuagoa dena. Zera esaten du (Lopezek aurreko estekan aipatzen du): “atez ateko sistema hautatu eta Gipuzkoako aurreko legegintzaldian (2007-2011) onartutako zaborren bilketarako plan integrala baztertzean, Gipuzkoako Aldundiak erraustegia eraikitzeko zegoen plana alboratu egiten du eta Europako Inbertsiorako Funtsetik 360 milioi euroko diru laguntza galdu du”. Esan bezala, argudio hau ez da horren erabilia, baina gerora ikusiko den bezala, bere garrantzia duela ezin daiteke ukatu.

Gauzak horrela, argudio guzti hauek kontutan hartuz gero, ezin daiteke esan atez ateko zaborren bilketa sistema egokia denik.

Baina, argudio guzti hauek egiazko argumentuak dira? Horren txarra al da atez atekoa? Hasi gaitezen horrenbeste kritika jaso dituen sistemari buruz datuak bilatzen.

Atez ateko sistema

Zer da eta zeintzuk dira bere aurrekariak

Atez ateko bilketa hondakinak biltzeko sistema bat da, zeinetan hondakinak etxebizitzaz etxebizitza batzen baitira. Etxebizitzaz etxebizitza batzen denez, hondakinak portal barruko espazio batean edota kanpoan horretarako propio diseinatutako lekuetan uzten dira (Gipuzkoako zutabe ezagunak, kasu). Zabor poltsa baten aurkitu daitezkeen hondakin mota denak modu bereiztuan biltzen dira. Horren arrazoia ondorengoa da: modu horretan jasota, askoz errazagoa dela birziklatzea, modu eraginkorragoan egiten delako. Zabor poltsan azaltzen diren atal desberdinak hauek dira: organikoa, papera eta kartoia, plastikoa edo ontzi arinak, beira eta errefusa. Denak dira berrerabilgarri edo birziklagarri, errefusa izan ezik (astiro-astiro, aurrera doaz hauek ere birziklatu ahal izateko ikerketak). Aurrerago sakonduko dugu gehiago, baina hau ez da sistema itxi bat, malgutasun asko du eta errealitate desberdinetara moldatzeko gaitasuna daukan.

Aurrekariei dagokiela, atez ateko bilketa sistemaren lehenengo datuak Parisen aurkitzen ditugu, 1884an, Eugène Poubelle-n eskutik (poubelle hitza gaur egun zakarrontzia esateko erabiltzen da frantsesez). Argi dago, sistema hura eta gaur egunekoaren artean desberdintasun handiak daudela, baina Poubelle-k diseinatutako sistema izan zen lehenengo aldiz zaborra modu bereizian batzea eskatzen zuena.

Gaur egun, atez ateko bilketa sistema hainbat herrialdetan aurki dezakegu, hala nola, Italian, Eslobenian edo Alemanian. Katalunian ere presente dagoen sistema bat da. Gainera, ez da herri txikietara mugatzen den sistema bat, askotan esan den bezala, eta hiri handietan ere aurki daiteke.

628441_zaborrak_usurbil_foto610x342Euskal Herrian, Usurbil izan zen lehenengo herria sistema hau aplikatu zuena eta, ondoren, hainbat eta hainbat herri etorri ziren: Hernani, Oiartzun, Legorreta, Itsasondo, (…). Guztira 34 herritako alkate eta gobernu taldek adierazi izan dute nahia sistema hau beraien herrietan martxan jartzeko. Hala ere, sortutako gatazka medio, hauetako hainbatek ez zuten ipini.

Funtzionamendua

Zabor bilketa mota honen funtzionamendua ahalik eta ondoen ulertu ahal izateko, modu egokiena eredu bat ikustea da. Ondorengo irudian, Usurbileko kasua ikus dezakegu. Bertan ikus daiteke egun bakoitzean zein hondakin jaso behar den. Egutegiaren irudian ikus daitekeen bezala, organikoa astean hiru aldiz biltzen da, bi aldiz ontzi arinak eta behin papera eta kartoia eta errefusa. Beira kaleko edukiontzietan botatzen da, beste sistemetan bezala. Errefusa, beste lekuetara bota ezin den hondakin soberakin eta birziklaezina da.

image002

Sistema honek izan dituen kritika asko egutegiaren arabera izan dira. Ez dela batere erosoa esaten da, eta egun bakoitzean zer atera behar den jakitea ere ez dela erraza izaten. Horren inguruan ondorengo bideoa oso argigarria izango da, ikusteko nola bizi duten sistema hau Usurbileko adindun pertsona bik. Horrenbeste entzun izan den arraina jatearen arazoaz ere mintzo dira.

Ordutegiari dagokiola, adibide soil bat baino ez da irudia, Usurbileko kasua. Ikus daitekeen bezala, Usurbilen zaborra goizez biltzea erabaki zen (6:30-8:30 artean) baina, beste leku batzuetan, gauez biltzeko erabakia hartu zuten. Erabaki horiek herritarrei zabaldutako parte-hartze espazioetan hartzen dira, herritarren errealitatera ahalik eta gehien hurbiltzeko. Hala ere, dena delako arazoengatik, herritar batek ezin izaten badu ordutegi horren barruan hondakinak atera, badaude emergentziako eremu batzuk, momentu puntual horietan erabili daitezkeenak.

image004

Eta emaitzak, positiboak al dira?

Birziklapen tasak

Atez atekoak zerbait ona baldin badauka berau aplikatuz lortzen diren birziklapen tasa paregabeak dira. Aplikatu den leku denetan gora egin dute nabarmen, eta horren adibide onenak (eta hurbilenak) Gipuzkoan daude. Lehen esan bezala, Usurbil izan zen lehenengoko herria sistema hau martxan jartzen eta lortutako emaitzak harrigarriak izan ziren. 2009ko martxoaren 16an jarri zen sistema hau, eta otsaileko datuak %29,59koa zen (birziklapen tasa). Apirileko datua, berriz, %83,44koa. Hots, sistema aplikatu eta hilabetera birziklatze tasa ia hirukoiztu egin zen.

Beste herrietan ere antzerakoa gertatu zen, tasek segituan egin zuten gorantz, erakutsiz ez dela moldatze faserik behar sistema honetara ohitzeko. Gainera, lehenengo hilabeteetan lortzen diren ehuneko altu hauek ez dira denborarekin jaisten, baizik eta mantendu, edo kasu batzuetan, zertxobait igotzen dira (%90eko tasetara hurbilduz). Beraz, alde honetatik ezer gutxi azaleratu dakioke sistema honi, eta bai kontrara, bere tasa onak zoriondu.

Beste bi sistema ezagunek, berriz, emaitza askoz apalagoak dituzte. 4 edukiontziko sistemak (organikorako edukiontzirik ez duenak) emaitza baxuenak ditu: aipatutako Usurbileko %29,59koa, Durangon 2015en lortu dena (urtarriletik urrirarte) %28,45,… Kasu gutxitan pasatzen da %30etik. 5 edukiontziko sistemaren emaitzak ostera, zertxobait hobeak dira (%30-35 artean), baina ez da arrunta %40tik gorako emaitzarik lortzea. Salbuespen atsegin bakarra Arrasaten daukagu, non kontrol bidezko 5. Edukiontzia jartzean, %70etik gorako tasak lortu dituzte hilabete gutxitan. Hala ere, tamalez, salbuespena da kasu hau.

Datu ekonomikoak

Usurbileko udalak 2013ko martxoaren 16ko datuetara joaz, argi ikus dezakegu atez ateko zerbitzua ez dela beste sistemak baino garestiagoa, baizik eta alderantziz, merkeagoa da. Ondoko taulan ikusi daitekeen bezala, atez ateko sistemak hondakinen bilketan gastua asko handitzen du 4 edo 5 edukiontziko sistemekin erkatuz gero. Hau normala da baina, askoz modu selektiboagoan egiten baita bilketa (horrek baimentzen ditu geroko birziklatze tasa altuak). Hala eta guztiz ere, kontutan eduki behar dugu diru gastu handiagoa hau lanpostuak sortzearen erruz dela eta ez makinaria berrietan. Beraz, sistema honek duen diru gastu handiena jendea kontratatzen gastatzen da. Ez dago horren gaizki! Eta dirua beste ataletan aurrezten da: errefusaren tratamenduan, birziklatutako hondakinen salmentan (diru gehiago lortzen baita),… Hau honela, nahiz eta hasiera baten diru gehiago inbertitu behar den (kapital humanoan gastatuz), gehiago birziklatzen denez, diru gehiago dator bueltan.

image006

Zikintasuna

Aurrerago ikusi ahal izan den bideoan, adindun bi pertsonek argi esaten dute atez atekoa ez dela batere zikina. Beste iturri batzuetara joz gero, ordea, aurkakoa esaten entzungo duzu jendea. Ez da erreza gai honen inguruan iturri objektiborik lortzea, alderdi politikoek ere eginak baitituzte fotomuntaketak atez atekoaren aurka, PSEk egindakoak kasu (ondorengo bideoaren 4:12 minutuan ikus daiteke argazkia). Beraz, atal honetako egi/gezurrak ez dira erraz bereizten. Hala ere, onartu beharra dago, gaur eguneko sistemarekin ere, badirela egunak zeinetan edukiontziek gainezka egiten duten, eta ez da horregatik sistema zikin bezala saltzen komunikabideetan.

Kutsatzeko askatasuna eta kontrola

Atez atekoaz mintzatzerakoan usu irten den gaia da kontrolarena. Zer esan nahi du honek baina? Sistema honen bidez norberak bere hondakinak bere kutxa edo bere gune bereiztuan uzten dituenez, posible da herritar bakoitzak ongi edo gaizki birziklatzen duen ikustea. Hau bakoitzaren intimitatearen kontrako eraso bezala saldu izan da sarritan. Egia da etxe bakoitzak sortzen dituen hondakinak kontrola daitezkela honela. Baina egia da baita ere, ez duela zentzu handirik pentsatzeak udal langileak herriko etxe bakoitzaren zaborrean kuxkuxeatzen hasiko direnik, hau batu beharrean. Guk dirua gordetzen dugun bankuko langileak ere gure kontuko datuak ikusi ahal dituzte nahi izanez gero, hala ere, badugu konfiantza hori egingo ez dutela. Berdina pentsa beharko genuke beraz udal langileetaz.

Modu indibidualizatuan egitearen arrazoi nagusia zera da, horrela posible dela jakitea ea etxe guztietan modu egokian birziklatzen den ala ez. Udal langileek egiten duten kontrol bakarra birziklatze kalitatean da, eta ez zer jan edo botatzen duten herritarrek. Kontrol hau eramatea oso garrantzitsua da, batez ere organikoan. Organikoak gure zabor poltsaren erdia suposatzen du, beraz, hau ongi birziklatzea nahitaezkoa da. Gainera, organiko hori konposta bihurtu eta berrerabili ahal izateko %5eko baino ez-purutasuna izan behar du. Hots, gutxienez %95eko organiko tasa izan behar du konposta ondo egin ahal izateko. Maila horrek ongi mantentze aldera egiten da organikoaren kontrol lana, eta honela, gaizki birziklatzen duten etxeei laguntza helarazi ahal zaie hobeto kutsatu dezaten. Soilik kontzienteki eta modu jarraituan gaizki birziklatzen dutenei jartzen zaie isuna. Gainera, aurreko bideoan ikusi ahal izan den moduan, erabiltzaileak segituan maneiatzen duten sistema da atez atekoa.

Eta kutsatzeko edo ez birziklatzeko askatasunari dagokiola, oso kontzeptu arriskutsuak dira hauek. Azken aldian, atez atekoaren harira asko zabaldu eta barneratu ditu jendeak eta benetan sinetsi du jendeak kutsatzeko askatasuna dutela. Baina pentsatzeko forma honen atzean ezkutatzen da bahe moral bikoitz bat. Oso arrunta (eta beharrezkoa) egiten zaigu gure herrian errekan gora dagoen enpresari edo gure etxe ondoan aurkitzen den fundizioari airea eta errekako urak ez kutsatzea eskatzea. Normala iruditzen zaigu, denen onurarako, enpresa edo fundizio horiei legez beraien kutsadura ahalik eta gutxiena izatea eskatzea, eta noski, beraiek lege horiek betetzea. Gauza logikoa iruditzen zaigu lana sortzen duten enpresa horiek beraien gain hartzea kutsadura ahal den neurrian ekiditeko diru inbertsioak egitea.

AAB-Edukiontziak argazkiak

Baina momentu berean, guri ahalik eta gehien birziklatu beharra daukagula esaten digutenean, inolako diru gasturik suposatzen ez duen gauza bat denean, ohitura aldaketa batzuk soilik, ez dugu onartzen. Momentu horretan gure ez birziklatzeko askatasuna (kutsatzekoa) aldarrikatzen dugu lasaitasun osoz. Bada, lehen aipatutako bahe edo moral bikoitza azaleratzen dugu. Enpresek egin dezatela ahalik eta gehien ingurua ez kutsatzeko (dirua gastatu behar dute ere, egin dezatela), baina niri ez diezadatela esfortzu minimorik ere ez eskatu. Jarrera hau, gordin esanda, onartezina da. Ezin dezakegu eskatu kutsatzeko eskubidea. Eta are gutxiago gaur egun dauzkagun arazo klimatikoekin.

Azken gai honetan ez dago daturik. Bakoitzak bere buruarekin egin beharreko lanketa bat dago eta, behingoz, utzi eduki beharko ez genituen eskubideak aldarrikatzeari. Ez dago beste argudiorik.

Ondorioak

Beraz, datu guztiak aurrean edukita ez du horren sistema txarra ematen. Birziklapen tasei dagokiela, beste edozein sistemarekin lortzen direnak baino hobeak dira. Datu ekonomikoei so eginez, birziklatzen den ia guztia saltzea lortzen denez, ekonomikoki hobea da (lanpostu gehiago sortzeaz gain). Zikintasunari dagokiola, denetik esaten da, aldeko eta kontrako iritziak daude, baina gaur egungo sistema ere oso garbia ez dela ikus dezakegu gure kaleetan. Kontrolari dagokiola, kontrol gabeko sistema batek ere ez dituela emaitza onik lortzen ikusi da (adibide ona da Arrasateko kasua, 5 edukiontzirekin emaitza onak lortzeko kontrola ezarri behar izan baitute). Eta azkenik, askatasun pertsonalari buruz, ikusi dugu bahe edo moral bikoitz hori baztertuz gero, argudio gutxi ditugula honen inguruan esateko. Beraz, horren sistema ona baldin bada atez atekoa, zergatik izan ditu horrenbeste kritika? Beste arrazoirik egongo ote da? Bada bat askok errepikatzen dutena: ERRAUSTEGIA.  Honen inguruko datuak hurrengo artikuluan aztertuko ditugu.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s