KULTURAREN TXOKOA / Musika

Hüsker Dü, Amorrutik Sortutako Ibilbidea

image00180.en hamarkadako talde benetan esanguratsua dugu Hüsker Dü. Garai hartan bogan zegoen punk edo hardcore arin eta zikina gaindituz, euren bidea hartu eta abesti melodikoagoak egiten hasi ziren. ‘Rolling Stone’ aldizkariak adibidez, hardcorea opera batera ahal beste hurbiltzea egotzi zien taldekideei.

Hüsker Dük musikari emandako biratik, punk-rock edo hardcore garratzari melodiak gehitzetik (garaian eszenak zuen zurruntasunean heresia hutsa) talde ugarik edan zuten ostean. ‘Nirvana’-ko Krist Novoselic baxu-jolearen hitzetan “Nirvanaren musika estiloan ez zegoen ezer berririk Hüsker Dük aurretik egin ez zuenik”.

Saint Paulekoak (Minnesota, EEBB) dira Bob Mould abeslari eta gitarra-jolea, Gregg Norton baxua eta Grant Hart bateria eta abeslaria. 60.hamarkadako mugimendu kontrakulturalaren porrotaren osteko generaziokoak ditugu. Balio berberak defendatzen zituzten taldekideek ere baina hippien ekintza moldeak mespretxatuz.

Gaztetan Moulden unibertsitateko anekdota batek laburbil dezake euren testuingurua eta nondik datorkien hasiera batean behintzat, sistemaz kanpoko zerbait sortzeko grina: “Gogoratzen ditut gazte horiek nire unibertsitario logelako lurretik jaikitzen. Trajea ta korbata jantzi, maletina hartu eta Ronald Reagan delako hortaz hitz egiten (batzuk ‘Young Republicans’ erakundeko kideak ziren), hurrengo presidentea hura izango zela esaten… Nik gorroto nuen tipo horiekin eztabaidatzea…Hau ez da gure nerabezaro amaieran egiten egon beharko ginatekeena…Hor ireki nituen benetan begiak. Lurrean zeuden gazte horiek nahi zuten bakarra nagusitu eta klase baxuagoetako jendea esplotatzea zen”.

‘The Who’, ‘The Beatles’ edo ‘The Byrds’ bezalako 60. hamarkadako rockaren klasikoak entzuten eman zuten haurtzaroa. Izan ere hortik datorkie euren toke melodikoa. Gaztaroan metala dastatu zuten eta ondoren ‘Ramones’ekin txundituta geratu. Talde hauek bertsionatzen hasi ziren elkarrekin entseatu eta hainbat taberna eta lokaletan jotzen. Hemen hasi zuten euren ibilbide oparoa.

image003Hasiera bateko errepertorioa amorru eta abiadura cocktail garratz bat zen, baita euren kontzertuak ere. ‘Land Speed Record’ euren kabuz grabatu eta argitaratutako diskoaren abestietako izenburu batzuk ditugu horren erakusle: “Guns at my school” “Let’s go die” edo eta “Don’t have a life”. Garai hartako biretan anfetamina ugari kontsumitzen zuten, euren hitzetan “gose sentsazioa kentzeko”. Abestiek islatzen duten amorru eta gorrotoa oro har gaizki ulertuak izan direla adierazten dute ere: “Gu ez gara pertsona krudelak, baina frustrazioa eragiten digu hainbeste jende lur jota eta etsita ikusteak. Guk ere horrela bukatzeko beldurra dugu eta hori da benetan gure abestietan islatzen duguna”.

Ahal bezain bizkor eta zaratatsu jotzen saiatzen ziren, izan ere “bai, doinu eder eta goxoagoak jotzeko gai gara. Baina zergatik egin beharko genuke hori, gure abestietan gosez hiltzen direnez, lobby industrial eta militarretaz edo hiriko trafiko gogaikarriaz hitz egiten badugu?”

Ostean taldekideek hardcore edo punk-rock-arekin apurtzeko behar izana sentitu zuten, mugimenduaren zurruntasunak bultzatuta. “Normaltasunetik” urrun zegoen mugimendu hau bai musikalki (musika azkarra eta zaratatsua) bai estetikan (ile rapatua, txupa beltza, anarkiaren ikurdun partxeak…). Gizartearen gehiengoaren ezberdinak ziren baina aldi berean euren artean berdinak. Taldekideen esanetan “hardcore eszena jarraitu beharreko dogmez eta arauez beteta dago, eta hauek jarraitzea lelokeri bat baino ez da. Formula puruak apurtu egin behar dira…Gure abestiekin ez gara erantzunak ematen saiatzen, galderak sortzen baizik. Guk baditugu gure erantzunak baina hauek ez dute zertan besteentzat onak izan”.

‘Metal Circus’ eta ‘Everithing Falls Apart’ diskoak atera zituzten ostean diskoetxe independente ezberdinekin. Taldearen norabide aldaketa nabarmentzen hasten da argitalpen hauekin, aurreko lanek baino abiadura zerbait mantsoagoa baitute eta melodiak indar gehiago hartzen du abestietan. Gainera abesti nahiko dibertsoak batzen dituzte hauek. Hemen hasi zen taldea entzutetsu egiten EEBBetako irrati independiente eta fanzineetan. Honek nazio osoan zehar kontzertu ugari emateko aukera emateaz gain SST Records diskoetxe independiente mitikora batzeko aukera ere eman zien.

image005

Lanak utzi eta kontzertuz kontzertu ibili ziren SSTrekin hasi ondoren. Kontzertuetan irabazitako diruarekin hurrengo kontzertura joateko gasolina eta zigarro batzuk erosteko baizik ez zitzaien iristen gehienetan. Jatekoa lapurtu egiten zuten askotan. Ezagunen baten etxean geratzeko aukerarik ez zutenean furgonetako lurrean egiten zuten hirurek lo traste artean. Kontzerturen baten diru zerbait gehiago lortzen zutenean, motel bateko logela batean hirurek batera lo egiteko aukera ere izaten zuten (azken “luxu” hau garaiko mugimendu undergraundekoek taldea kritikatzeko erabili zuten baloreak galtzen ari zirela egotzita).

Taldea kritikatzeko aitzakia hori lelokeria bat bazen ere, bazuten arrazoi zati bat kritiko hauek. Hüsker Dükoek punk-rockarengandik musikalki eta estetikoki urruntzeaz gain baloreetan ere urrundu ziren. Argi utzi zuten mugimenduak barruan daraman sistemaz kanpoko “Do It Yourself” (zuk zeuk egizu) filosofia taldearentzat behar izan bat baino ez zela jada, eta ez nahita egindako hautu bat. Abestien letretan ere “iraultza norbere barruan hasten da” bezalako esaldiak erabiltzen hasi ziren. Taldekideetako baten arabera esaldi ponposo hauek taldearen norabide aldaketa justifikatzeko baino ez ziren izan.

Ondoren, urte bitan (1983-1985) ‘Zen Arcade’, ‘New Day Rising’ eta ‘Flip Your Wig’ diskoak (52 abesti urte bitan!) argitaratu zituzten SSTrekin. Melodikoak baina indarrez eta distortsioz beteak. Lehenengo biak rockaren historiako 100 disko onenen artean aurkitzen dira zerrenda askotan. Arrakasta izugarria izan zuten hirurek (jende underground askori ez zitzaizkion gustatu popularrak izatera iritsi baitziren, eta beraz, mespretxatu beharreko zerbait).

Diskoetxe alternatiboaren azpiegitura xumea ez zegoen horrelako arrakasta baterako prest. Ekoiztutako disko denak denbora oso laburrean saltzen ziren eta denbora luzez egoten ziren agortuta diskoak. Taldekoak diskoetxekoekin haserretzera ere iritsi ziren behar beste diskoa produzitzen ez zituztelako.

Arrakastarekin diskoetxe komertzial handien eskaintzak ere bata bestearen atzetik etorri ziren. Taldekoek Warner Bros-ekin sinatu zuten kontratua azkenean. Aldaketa handia suposatu zuen akordio honek panorama musikalean, jatorri alternatibo eta independentedun lehenengo taldea izan baitzen diskoetxe handi batekin kontratu bat sinatzen, eszena indieko hainbat talderi bide berdina jarraitzera lagunduz. Berez sinatutako kontratuak taldearen sorkuntza askatasuna errespetatzen zuen…

Warner Brosekin Candy Apple Grey eta Warehouse: Songs And Stories diskoak argitaratu zituzten. Oraingoan erritmo lasaiagodun diskoak. Gitarra akustiko, teklatu eta ahots gozodun abestiak ere aurki daitezke hauetan. MTVn eta irrati-etxe komertzialetan publizitatu ziren diskoak. Hala ere, ez zuten aurreko albumekin lortutako arrakasta izan. Salmentek ere beherantz egin zuten eta diskoetxekoek asko presionatu zituzten taldekideak eta managerra horri buelta emateko. Talde barruko tentsioak areagotzea ere ekarri zuen honek. Baita euren drogamenpekotasuna (alkohola eta anfetaminei, kokaina, heroina eta metadona gehitu zitzaizkien). Taldeko managerrak presioa dela eta bere buruaz beste egiteak eman zion amaiera taldearen historiari.

Taldekideek diote amaieran taldea munstro garratz bat bihurtu bazen ere, ez dutela damurik egindakoaz, urte horietan zehar taldeak momentu on asko eman baitzizkien, eta egia esan, ez baitzeukaten hori baino zeregin hoberik buruan.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s