ARTIKULUAK

FRACKING-a Ezagutzen

Fracking-a entzuterakoan, agian, burura etortzen zaizkigu hainbat manifestazio, politikarien poltsikoak bete osteko barre maltzurrak edota lau hippie hankabeltz txistulari beraien txakurrekin poliziaren aurrean protestaka. Edo agian ez. Agian “Fracking ez” plataformaren (http://frackingez.org/ ) berriak jarraitu dituzue, prentsan hauen artikuluak irakurri edota hainbat ekimenetan parte hartu izan duzue dagoeneko. Bada, guk ere beraien eskutik jaso dugu fracking-ari buruzko azalpen eta informazioaren %99, eta ez berriz beraien buruak hain garden eta parte-hartzailetzat dituzten politikariengandik, fracking-aren borreroengandik.

Beraz hau fracking-a ulertzeko eta identifikatzen jakiteko artikulu labur eta basiko bat izango da. Informazio gehiena “Fracking ez” plataformak sorturiko monografikotik atera da.

Fracking-a Euskal Herrian

Euskal Herrian dugun Fracking-aren proiektu ezagunena Gran Enara da (beste proiektu asko ere badaude), hau baita proiektu aurreratu eta handiena gure lurraldean. Gaur egun 32.437,30 hektarea okupatzen ditu proiektu honek, Burgos eta Arabako lurraldeak gehienbat, baina baita Kantabria, Bizkaia eta Nafarroako lurraldeak ere.

Euskal Herriko proiektuen mapa.

Euskal Herriko proiektuen mapa.

 

Zein kontestutan ulertzen da Fracking-a?

Fracking-aren agerpena ulertzeko lehenengo pausua gasaren prezioaren igoera, gasaren ustiapen tradizionalaren jaitsiera eta mundu mailako eskariaren areagotzea jazotzen diren testuinguru bat imajinatu beharra daukagu, hori baita azken urteetan gertatu dena.

Gas konbentzional eta ez-konbentzionalen arteko desberdintasunaren adibidea.

Gas konbentzional eta ez-konbentzionalen arteko desberdintasunaren adibidea.

Orain arte hobi konbentzionaletako gasa bakarrik ustiatzen zen, hau da, gasa porositate eta iragazkortasun handia edo ertaina duten arrokatan aurkitzen denean, hala nola, hareharria, kareharria edo dolomita. Aldi berean, harri hauek iragazgaitzak diren arrokez inguraturik daude, eta hauek zulatuz, gasak goranzko joera hartzen du. Ezaugarri hauek direla medio, erauzte metodo hau errentagarria eta teknikoki erraza da.

Gaur egun ordea, ez da erraza horrelako ezaugarriak dituen hobiak aurkitzea, hobi hauek agortuak edo dagoeneko ustiatzen hasiak direlako.

Beraz, gasa modu ez-konbentzionalean pilaturik dauden lekuen bila dabiltza enpresa energetikoak. Kasu hauetan, gasa porositate eta iragazkortasun gutxiko arroketan dago pilaturik (arbela, eskisto, lutita, ikatz,…). Eta gainera, ez da azalera handiko gas metaketarik lortuko, arroka hauen ezaugarriek ez baitute horrelakorik ahalbidetzen.

Ezaugarri berezi eta zail horietan gasa ustiatu ahal izateko teknologiari “fracking-aren teknologia modernoa” deitu zaio, hainbat aurrerapen tekniko eman behar izan baitituzte hodi ez konbentzionalen bidezko ustiaketa hau lortzeko.

Baina nola egiten da? Zein da mekanismo moderno hau?

Bada, Fracking-a egin ahal izateko lehenengo pausua, gasa ateratzeko zulaketa egin behar den lekuraino bidea egitea da. Esan beharrik ez dago bide horretatik milaka kamioi pasatuko direla, bai gasa ustiatzeko plataforma jarri aurretik (bidea egin, materiala garraiatu,…), bai honek iraun bitartean (Tyndall Institutuaren arabera, 4000-6000 kamioi behar dira 6 putzuko plataforma bakoitzeko).

Behin plataforma eraikita dagoenean (1-2 ha-ko azalera okupatuko dituena) zulaketa bertikalarekin hasten da. Zulaketa hauek lur azalean dagoen plataformatik kilometro batzuetara murgiltzen dira arrokan, bitartean dagoen guztia suntsituz (arrokak, akuiferoak,…).

Fracking-aren marrazki bidezko azalpena.

Fracking-aren marrazki bidezko azalpena.

Aukeratutako geruzara heltzerakoan zulaketa horizontala egiten da eta bertan lehergaiak erabiltzen dira pitzadura txikiak sortzeko. Behin pitzadurarekin amaitzerakoan, haustura hidraulikoa (fracking edo haustura bidezko estimulazioa ere deitua) hasten da. Haustura hidraulikoak produktu kimikoak eta agente apuntatzaileak (eskoratzaileak) daramatzan jariakina presioa altuan (600-700 atmosferako presioan) ponpatzean datza, pitzadurak zabaldu eta luzatuz. Injektatutako jariakina, gutxi gorabehera, %98an ura eta eskoratzailea da (normalean area), sortutako hausturak zabalik mantentzeko erabiltzen dena. Gainontzeko %2a, berriz, askotariko produktu kimikoak: eskoratzailearen banaketa homogeneoa lortzeko, jariakinaren itzulera errazteko, korrosioa ekiditeko, hodiak eta zuloak garbitzeko eta antioxidatzaile zein biozida/bakteriazida gisa balio dutenak, besteak beste (iturri desberdinen arabera 200-300 produktu kimiko desberdin erabiltzen dira).

Haustura faserako putzu bakar batek 30.000.000 litro ur baino gehiago kontsumitu ditzake, eta beraz erabiltzen diren kimiko kopurua kalkula dezakegu, hau da, 600.000 litro. Gainera, kontuan izan behar dugu ur eta kimiko hauen eskuragarritasuna jarraitua izan behar duela hausturak irauten duen denboran zehar. Eta, nola ez, guzti honek bizitza akuatikoan, biodibertsitatean, norbanakoen etxeetan edota industria edo fabriketan izan dezakeen eragina nabaria da.

Haustura hidraulikoak sorturiko presioa jaisterakoan, jariakina lurrazalera bueltatzen da. Jariakin horretan, gasa eta arroketan dauden substantziekin batera, besteak beste, gure osasun eta ingurumenarentzat oso kaltegarriak diren metal astunak eta partikula erradiaktiboak iristen dira. Azkenik, lurrazalean, erauzitako nahasketa prozesatu eta gasa gainontzeko substantzietatik banatzen da. Estimazioen arabera, lurrean txertatzen den jariakinetik kopuru oso aldakor bat itzultzen da berriro ere lurrazalera (%8-35 bitartean), eta beste guztia lur azpian gelditzen da.

 

Zein dira Fracking-a eta ingurumenaren arteko erlazioa?

  • Ura: fracking-ak ur kopuru handiak eskatzen ditu, eta honek eragin handia eragiten du tokiko eta eskualde mailakako ur-horniketetan. Batetik, gainazaleko urak erabiltzeak ibaien mailak jaistea ekar dezake, ibaien dinamika eta hauetan aurkitzen diren ekosistema desberdinak aldatuz. Bestetik, lur-azpiko erreserbak erabiltzeak gaur egungo eta etorkizuneko herri-horniketa eta gainazaleko emariak kolokan jartzea ekar lezake.
  • Metanoa eta aldaketa klimatikoa: gas naturala metanoz osatuta dago gehien bat eta honek negutegi efektuan duen eragina karbono dioxidoak (CO2) duena baino 23-25 aldiz handiagoa da.
  • Atmosferaren kutsadura: fracking-aren prozesu osoan metanoaz gain, hainbat isurketa desberdin egiten dira atmosferara. Bentzenoa, konposatu lurrunkorren isuri handiak, negutegi efektuko gasak,… Emisio iturri nagusien artean ondorengoak daude: kamioi eta zulaketa ekipamenduen emisioak, gasaren prozesatze eta garraio emisioak, jariatutako hondakinen biltegi diren baltsetako lurrinak (lehen esan bezala lurrera zuzenduriko ur eta kimikoen parte bat berreskuratu egiten da eta hau baltsa batean gordetzen da geroko kudeaketaren zain, eta bitartean, bertako substantziak lurrundu egiten dira) eta leherketa eta ihesetan suertaturiko emisioak daude.
  • Bertan behera utzitako putzuak: ekoizpena bukatzerakoan, hidrokarburoen erauzketaren beste arazo bat gertatzen da: bertan behera utzitako putzuak. Enpresa arduradunek putzuak behar bezala zigilatzen dituztela esaten duten arren, esperientziak kontrakoa erakusten digu. Bertan behera utzitako putzu batek lurrazpiko geruzen artean lotura bertikala ahalbidetzen du. Horrela, ebakidura geologikoa galeriaz jositako labirintoa bihurtzen da, jariakin toxikoei gainazalera itzultzea eta lurrazpiko eta gainazaleko urak kutsatzea ahalbidetuz.
  • Lur okupazioa, habitaten suntsiketa eta zatiketa: Euskal Autonomi Erkidegoan aurreikusi den gas kopurua erauzteko, eta AEBko gas-hobien bataz besteko produktibitatea kontuan izanda, 2000 putzu baino gehiago eraiki beharko lirateke, eta putzu bakoitzak 1-2hektareako hedadura okupatzen du. Gainera, berau eraikitzeko sortu beharreko errepide guztiek lurralde zatiketa masiboa ekarriko lukete, gure paisaia eta ekosistemak guztiz eraldatuz eta suntsituz.
Gas ez-konbentzionala ustiatzeko putzu dentsitatea handia Wyoming-en.

Gas ez-konbentzionala ustiatzeko putzu dentsitatea handia Wyoming-en.

  • Istripuak: estatistikei so eginez, Fracking putzuen %2ak istripuren bat izan ohi du, eta %12ak ez du legedia betetzen. Urtero, milaka isun egon ohi dira erabilera desegoki eta lege hausteengatik.
2011ko urria. Magnablend enpresan izadako sutea Waxahachie-ko (Texas) faktorian. Haustura hidraulikorako produktuak egiten dituen enpresa da Magnablend.

2011ko urria. Magnablend enpresan izadako sutea Waxahachie-ko (Texas) faktorian. Haustura hidraulikorako produktuak egiten dituen enpresa da Magnablend.

  • Lurrikarak: AEBetan, intentsitate ertain eta baxuko hainbat lurrikara fracking-arekin erlazionatu izan dira. Adibidez, Ohion, 6 putzu itxi ziren 2011ko abenduaren 31ko gauean Richter eskalan 4. mailako lurrikarak sortu ondoren.

BIBLIOGRAFIA

http://frackingez.org/eu/documentos/monografico/

http://www.tendencias21.net/El-fracturamiento-hidraulico-en-los-pozos-de-gas-es-nocivo-para-la-salud-humana_a10755.html

https://fracturahidraulicano.wordpress.com/2012/02/20/el-departamento-de-energia-de-eeuu-rebaja-las-estimaciones-de-gas-en-marcellus-shale-un-66/

http://www.adta.es/2012articulos/2012%2005%2016%20Informe

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s