ARTIKULUAK

Desberdintasun Soziala (III): Errendimendu akademikoa, biolentzia eta mugikortasun soziala

Errendimendu akademikoa

Hezkuntza sistemak ikasleen emaitza akademikoetan eragin garrantzitsua duela ezaguna da. Baina, hezkuntza sistemaz gain, beste hainbat faktorek ere eragiten dute. Euretariko bat, nola ez, familia da: hezkuntzari etxean ematen zaion garrantzia, zein baliabide dauden etxean, sartzen den errenta, … Faktore guzti horiek eragin handia dute eta, jakina denez, gizarteko klase baxuenak irteten dira galtzen.

13929253945-RENDIMIENTO--ACADEMICOGauzak horrela, desberdintasun sozial handieneko herrialdeetan, ikasleen errendimendu akademikoa baxuagoa da, PISA txostenean ikusi daitekeenez (1.Grafikoa). Emaitza horiek ulertzeko funtsezkoa da ikustea nolako eragina duen bizi-kalitateak ikasleen errendimenduan, batez ere, eta frogatua izan denez, bizitzako lehenengo urteetan. Erresuma Batuan burututako ikerketa batek erakusten duenez, hiru urteko adinarekin jada ia urte akademiko bateko desberdintasunak ikus daitezke, umeen jatorria kontuan izanda. Nola ez, emaitza txarrenak klase baxuenetako haurrek dituzte1. Gorago esan bezala, errenta desberdintasunak erlazio sozialetan, bizi-esperantzan edo elikaduran eragiten du, besteak beste, eta, guzti horrek, eragin kaltegarria dauka errendimendu akademikoan, batez ere, bizitzako lehenengo urteetan.

(1. Grafikoa)

(1. Grafikoa)

Errenta desberdintasunak muga materialak ekartzen ditu, baina, baita barne-muga psikologikoak ere. Indian egindako azterketek erakutsi zuten gizarteko eskala baxuenetako kide zarela jakiteak (kasu honetan, kasta baxuenetakoa zarela jakiteak) errendimendu akademikoan eragin negatiboa daukala2. Errealitate hori ikusteko, kasta desberdinetako umeak elkartu zituzten eta labirintuak ebazten jarri zituzten. Lehenengotan, umeek ez zuten zein kastakoak ziren aipatu eta emaitza bertsuak lortu ziren talde guztietan (izatez, kasta baxuenetakoek emaitza hobeak lortu zituzten). Gero, ordea, umeei eskatu zitzaien bere burua aurkezteko eta zein kastakoak ziren esateko. Kasu honetan, kasta baxuetako umeek ebatzitako labirintuak gutxiago izan ziren (2.Grafikoa). Horrek frogatu zuen gizarteko estatus baxuago bateko kide zarela jakiteak errendimendu akademikoan eragin negatiboa duela.

(2. Grafikoa)

(2. Grafikoa)

Antzeko ikerketak EEBBetan burutu ziren, ikasle beltz eta zurien artean. Horietan, test bi erabili zituzten: batek ez zuen puntuatuko eta besteak bai. Puntuatuko ez zuten testetan, ikasle beltzek emaitza onak lortu zituzten, baina, bestean, askoz emaitza okerragoak. Gertaera horri “estereotipo mehatxu” deritzo eta sexu, arraza eta etnietan eragiten duela ikusi da.

Biolentzia, kartzelak eta desberdintasuna

a) Biolentzia

Orokorrean, desberdintasun sozialaren eta biolentziaren arteko erlazioa errazago ulertzen da desberdintasun soziala eta osasun mentala bezalako beste faktore batzuen arteko erlazioa baino. Hainbat azterketa saiatu dira, gizarteko klase baxuenak era zuzenean kriminalizatu baino lehenago, biolentzia horren sorreraren nondik norakoak ezagutzen.

the-wire-the-complete-series-20081211045858330

The Wire

James Gilligan, Harvard unibertsitateko Medikuntza Fakultateko psikiatrak, liburu bitan, Preventing Violence3 eta Violence4, horren gainean idatzi du. Liburu horietan kartzela desberdinetako gizahiltzaileekin izandako elkarrizketak batzen ditu eta erakuste du nola, kasu guztietan, biolentzia sortu zela lotsa eta umilazioa bezalako sentimenduak uxatzeko eta, horien ordez, harrotasuna sentitzeko. Gauzak horrela, askoz errazagoa da ikustea zergatik dagoen biolentzia gehiago klase gutxietsietan.

Aurretik ikusi den bezala, harrotasuna eta estatusa klase baxuenetan oso garrantzitsuak dira, gizartean errespetatua izateko era bakarra diren heinean (diru-sarrera altuak eskaintzen dituen lanbide baten faltan). Ondorioz, kasu batzuetan, bide bakarra biolentziara jotzea izaten da eta, horregatik, ez da harritzekoa jakitea desberdintasun sozial handieneko herrialdeetan erailketa tasa altuenak izatea.

b) Kartzelak eta presoak

Desberdintasun handiena dagoen herrialdeetan biolentzia gehiago dagoela jakinda, pentsatzekoa da kartzeletan preso gehiago ere horietan egongo dela. Baina, erlazioa ez da espero bezain garbia. Presoen kopuruaren emendioa %12an soilik justifika daiteke delituen gehipenarekin, baina, gainontzeko %88a ezarritako penak luzeagoak izatearen edo aurretiaz delitu kontsideratzen ez zena geroago delitu kontsideratzearen ondorio da.

Beraz, delituen kopurua handitu bada ere, horrek ez du justifikatzen EEBBetan azken hogeita hamar urtetan presoen kantitatea 4 aldiz handitu izana, ezta 1990 urteaz geroztik Erresuma Batuan ia bikoiztu izana ere. Herrialde horietan desberdintasun soziala oso handia da. Herrialde berdintsuagoetan presoen kopurua askoz gutxiago hazi da (Japonian %9 eta Danimarkan %8), berdin mantendu da (Suedian) edo txikitu egin da (Finlandian).

Desberdintasun soziala eta biolentzia zuzen erlazionatuak badaude ere, kontuan hartzeko da ere herrialde desberdinenetan beldurrak garrantzia handia daukala, baita bestearekiko mesfidantzak ere. Mesfidantza horrek, gainera, jendearen erlazionatzeko erak alda ditzake eta baita ere gizartearentzako “arriskutsu” izan daitezkeen horientzako kartzela zigorren gogortzea. Era horretara, klase baxuenak kriminalizatu besterik ez da egiten. Horren adibide garbia da EEBBetan indibiduo beltz batek kartzelan bukatzeko duen probabilitatea zuri batena baino 6,04 aldiz handiagoa izatea (New Jersey-n 13,15)5.

Mugikortasun soziala

Mugikortasuna desberdintasun soziala ulertzeko funtsezko kontzeptua da. Termino honek deritzo eskala sozialean indibiduo bakoitzak gora edo behera mugitzeko duen gaitasunari. Ondorioz, mugikortasun sozial altua aukera berdintasunarekin lotzen da, hau da, indibiduoaren jatorriak (klase sozialei dagokienez) ez dauka eraginik bere helmugako klase sozialean.

Mugikortasun mota hori sarritan aztertzen da gurasoen posizio soziala seme-alabenarekin konparatuz (mugikortasun intergenerazionala). Eta, nahiz eta ez den lortzen erraza, ekonomikoki aberatsak diren hainbat herrialdetan burututako ikerketen arabera, mugikortasun soziala eta desberdintasun soziala ez dira lagunak: zenbat eta desberdintasun handiagoa izan, orduan eta txikiagoa izango da mugikortasun soziala (3.Grafikoa).

(3. Grafikoa)

(3. Grafikoa)

Young Hipsters eat street food during SXSW 2013Faktore horiei urteetan zehar handitzen joan den segregazio geografikoa gehitu behar zaie. Segregazio horrek dakarrena da jende txiroa ghettoetan pilatzen joatea eta, horietan, biolentzia, estresa edo langabezia bezalakoek oraindik mugikortasun sozial txikiagoa eta ezegonkortasun handiagoa ekartzea.

Arrazoi sozioekonomiko horietaz gain, faktore kulturala ere funtsezkoa da desberdintasun eta gelditasun soziala ulertzeko. Gune honetan sartzen da Pierre Bourdieu-ren Homologiaren Teoria, zeinen arabera estratifikazio sozioekonomikoa kulturalari sendo lorturik baitago, gustu eta interes indibidualak posizio sozialaren arabera ezarrita daudelako. Interes kulturalak, beste kontsumo mota batzuekin batera (arropa, janaria, etab.), indibiduoetan ohiturak/habitus-ak sortzen dituzte, klase bereko kideekiko berdinak diren habitus-ak, baina klase desberdinetako kideekiko desberdinak direnak.

Habitus-en arteko desberdintasuna sarri erabiltzen da klaseen diskriminazioa eta ikusezintasuna bultzatzeko. Gauzak horrela, langileriak musika popularra kontsumitu ohi du, gutxien errespetatua izan ohi den musika mota. Adibide on bat estatu espainiarrean aurki daiteke, non langileriak musika espainola eta flamenkoa kontsumitu ohi baitu. Camela tekno-rumba taldearen kasuan (langileria espainiarraren zati handi batek entzuna), nahiz eta disko gehien saltzen dituen taldeetako bat izan, 7 milioi disko, Victor Lenore-k Indies, hípsters y gafapastas6 liburuan ondo azaltzen duenez, behin eta berriro ezkutatua izaten da prentsa musikalean.

Era horretara, langileriak eremu kulturalean jasaten duen diskriminazio horrek, ghetto kultural eta sozialen sorrera bultzatzen du eta, horrela, gizarteko erlazio sozialak mugatzen dira. Isolatze horrek gutxiegitasun sentimendua sortzen du, eskala sozialean ezin aurrera egitearen sentsazioa, estratifikazio sozial oso desberdina betikotzen duena.

Bibliografia

  1. Centre for Longitudinal Studies, Disadvantaged Children up to a Year Behind by the Age of three, London, Institute of Education, 2007.
  2. Hoff y P. Pandey. Belief Systems and Durable Inequalities: An experimental investigation of Indian caste. Policy Research Working Paper. Washington DC, World Bank, 2004.
  3. Gilligan, Preventing Violence, Nueva York, Thames & Hudson, 2001.
  4. Gilligan, Violence: Our deadly epidemic and its causes, Nueva York, G. P. Putnam, 1996.
  5. The Sentencing Project, State Rates of incarceration by Race, Washington DC, Sentencing Project, 2004.
  6. Lenore, Indies, hipsters y gafapastas, Capitán Swing, Madrid, 2014
Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s