ARTIKULUAK

Medikuntza Alternatiboa (III): Sendabelarrak

SENDABELARRAK – Naturala = hobea?

Sendatzearen artea izaditik dator, eta ez medikuarengandik. Hortaz, medikuak izaditik hasi behar du burua zabalik

Parazeltso (1493-1541)

Sendabelarren medikuntza tratamendu motarik zahar eta zabalduenetarikoa da eta, gaur egunean ere, zeregin garrantzitsua du Asiako eta Afrikako osasun zerbitzuan. Berau, landareetan eta tradizioetan oinarritzen da eta, azken aldian, munduko gainerako herrialdeetan azkarren hazi den tratamenduetako bat da.

principios-activos-de-las-plantas-medicinales-vidanaturaliaLandare-jakintza hau mundu osoko gizarteek probatuz eta huts eginez (landare bat edo bere atalen bat probatu eta zein efektu dituen ikusiz) milaka urtetan zehar garatu duten tokiko landareetan oinarritutako medikuntza mota da. Horren adibide ezagunena da gaur egun aspirina bezala ezagutzen dugun medikamentuarena: azido azetilsalizilikoa. Urteetan zehar erabili izan da sahatsaren (Salix atrocinerea) enborreko azala buruko mina kentzeko, baina duela gutxi arte ez da jakin zergatik funtzionatzen zuen. Bada, kimikariek ikertu eta salizina erauzi zuten zuhaitzetik. Horixe zen buruko mina kentzeko balio zuen osagai aktiboa. Kimikariek, ordea, bazekiten salizina bera nahiko toxikoa zela (buruko mina kentzeaz gain, tripako minak ere eragiten zituen) eta laborategian azido azetilsalizilikoa lortu zuten, askoz toxikotasun gutxiagoko substantzia. Gauzak horrela, 1899. urtean Bayer laborategiak merkaturatu zuen lehenengoz aspirina.

Aspirinaren adibideak islatzen du artikulu honekin erakutsi nahi den ideia nagusia:

landareetatik medikamentu eraginkor, merke eta seguruak lortu daitezkeela, baina, medikamentu diren heinean, kontuz hartu behar direla.

Azkenaldian denda Naturista asko ireki dira, non naturatik bildutako osagaiez egindako erremedio naturalak saltzen baitira. Baina, naturala= hobea ustea egia al da? Denda horietan saltzen diren erremedioetako askoren eraginkortasuna ez dago zientifikoki frogatua eta, beste askoren ikerketek erakusten dute ez dutela ia eraginkortasunik. Hala nola, belar desberdinen nahastez egiten diren pilulak, paziente bakoitzari pertsonalizatzen zaizkionak dituen gaitzen arabera, ez dute bat ere eraginkortasunik erakutsi burututako ikerketa desberdinetan. Hona adierazgarri izan daitekeen beste taula bat (Ernst eta Singh, 2008):

Landarea Zertarako Eraginkortasuna
Ahabia (Vaccinum mirtilus) Begietako eritasunak, barizeak, hilekoko minak… Eskasa
Aloe vera (Aloe barbadiensis) Herpesa, psoriasia, zauriak, azaleko urratuak Eskasa
Baratxuria (Allium sativum) Kolesterol altua Ona
Belar bedeinkatua (Valeriana officinalis) Loezina Erdipurdikoa
Ginseng asiarra (Panax ginseng) Inpotentzia, minbizia, diabetesa, “orosendatzailea” Eskasa
Hirusta gorria (Trifolium pratense) Menopausiaren sintomak Ona
Kamamila (Chamomila recutita) “Orosendatzailea” Eskasa
Mihura (Viscum album) Minbizia Eskasa
Santio belarra (Hypericum perforatum) Egoera depresibo arin eta ertainak Ona
Zume zuria (Salix alba) Mina Erdipurdikoa

Goiko taulan ikus daiteke nola panazea bezala saltzen diren produktuetako askok ez duten eraginkortasunik edo ia ez dutela ezer egiten. Hala ere, denda batzuetan prezio oso garestiak izaten dituzte. Hori bai, produktu denak ez dira plazeboak, benetako sendabelarrak badaude.

Jende askok erabiltzen ditu, medikamentu tradizionalez gain, gehigarri alternatiboak, baina ez dira ohartzen gehigarri natural horiek arriskutsu gerta daitezkeela:

  • Sendabelarrak zuzenean izan daitezke toxikoak (Belladona, adibidez)
  • Beste medikamentu batzuekiko interakzioak eragin ditzakete (Santio belarra edo baratxuria, tarteko)
  • Kutsatzaile eta adulteratzaileak izan ditzakete: batzuetan, kanpotik ekartzen dira natur dendetan saltzen diren produktuak eta, horiek, metal astunak bezalako kutsatzaileak izan ditzakete.

Antza, ez dugu ikusi nahi sendabelarrak, gure biokimikan eragiten duten heinean, beste edozein medikamentu bezalakoak direla, eta arriskutsu izan daitezkeela1. Horren adibide da ondorengoa:

hypericumArkansaseko neska gazte bat santio belarra hartzen hasi zen, bere aldetik, depresiorako (goian azaldutako taulan ikusi daiteke eraginkorra dela depresio arin eta ertainetarako). Beste alde batetik, giltzurruna eta pankrea transplantatu behar zizkioten, oso gaixo zegoelako. Hori dela eta, ziklosporina hartzen zuen (medikamentu tradizional bat, laguntzen duena organo arrotzen harrera, ez errefusatzea). Operazioa ondo irten bazen ere, espero zenaren aurka, organo horien funtzioak gutxitu egin zitzaizkion. Medikuak harrituta zeuden, ez zuten ulertzen zer zebilen txarto. Bada, santio belarrak ziklosporinaren funtzioan interakzioak eragin zituen eta pazienteak dialisi-programara itzuli behar izan zuen. Hau da, gorputza organo arrotzak, transplantatuak, errefusatu zizkion. Dena ez medikuari ez esatearren santio belarra hartzen zebilela (1. irudia).

Eta ez da gertakari puntuala (Ernst eta Singh, 2008):

Landarea Arriskuak
Ahabia Odoleko azukre-mailak larriki jaitsi ditzake edo diabetesaren aurkako medikamentuak indartu. Interakzioak izan ditzake antikoagulatzaileekin
Aloe vera Zukuan hartuta beherakoa eragin dezake, giltzurrunak hondatu, edo elektrolito-deplezioa eragin. Interakzioak izan ditzake diabetesaren aurkako eta bihotzerako medikazioekin. Azalean emanda,ez du kontrako efekturik (2.irudia)
Baratxuria Odoleko azukre-mailak jaitsi ditzake. Antikoagulatzaileen efektuak handitu ditzake eta interakzioa izan dezake beste sendagai batzuekin.
Belar bedeinkatua Gibeleko kalteen kasu gutxi batzuekin lotu izan da
Ginsenga Interakzioak izan ditzake antikoagulatzaileekin eta beste sendagai batzuekin. Loezinarekin, buruko minarekin, beherakoarekin, hipertentsioarekin eta arazo kardiobaskular eta endokrinoekin lotzen da
Hirusta gorria Odoljarioarekin lotu izan da, eta interakzioak izan ditzake antikoagulatzaileekin, kontrazepzio-pilulekin eta beste sendagai batzuekin
Kamamila Antikoagulatzaileekiko interakzioa izan dezake
Mihura Interakzioak izan litzake antikoagulatzaileekin eta beste sendagai batzuekin
Santio belarra Ziklosporina bezalako medikamentuekin interakzionatzen du
Zume zuria Gibeleko kalteen eta odoljarioen kasu gutxi batzuekin lotu izan da

aloe

Bakoitza libre da erabili nahi duen praktika, diziplina edo produktu aukeratzeko, baina oso gomendagarria da medikuntza alternatiboen erabiltzaileek aztertzea zein den benetan teknika horien atzean dagoen filosofia. Azken finean, dirua gora dirua behera, norbanakoaren osasuna besterik ez dago jokoan…

1 López Luengo, Mª T. (2008). Plantas medicinales. Interacciones con medicamentos y con otros fármacos vegetales. OFFARM – Ámbito farmaceútico, Fitoterapia. 27 (4): 82-86.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s