ARTIKULUAK

Medikuntza Alternatiboa (I): Homeopatia

“Berez bi gauza daude: zientzia eta iritzia. Lehenengoak jakintza sortzen du; bigarrenak, ezjakintasuna”

Hipokrates

NaturheilkundeMedikuntza alternatiboa da medikuntza konbentzionaletik at kokatzen diren sistema, praktika eta produktu medikoen multzoa, hala nola, kiropraktika, osteopatia edo sendabelarren medikuntza1. Horiek ez dira metodo zientifikoan oinarritzen, hau da, beraien eraginkortasuna ez da sistematikoki behatzen eta analizatzen eta, ondorioz, egiatan duten eraginkortasuna ez da ondo ezagutzen. Adibidez: aknearen aurkako botika bat merkaturatzen da, baina ez da frogatzen benetan eraginkorra denetz. Gerta daiteke erosleren bati aknea gutxitzea produktua erabili ostean, baina ezin daiteke berretsi produktuak berak eragin duen aknearen gutxitze hori.

Gurean ospe handiena duten medikuntza alternatiboak dira homeopatia, akupuntura, kiropraktika eta sendabelarren medikuntza. Hala ere, erabiltzaileetako askok ez du ezagutzen praktika horien funtzioak zertan datzan. Bada, hurrengo 3 egunetan argitaratuko ditugun artikuluetan (1-homeopatia, 2-akupuntura eta kiropraktika, 3-sendabelarren medikuntza) laburturik azaltzen dira lau diziplina horien nondik norakoak eta eskaintzen dituzten (edo ez) onurak, beti ere metodo zientifikoa jarraituz egindako ikerketen analisitik lortutako emaitzez baliatuz2.

HOMEOPATIA – Antzekoak antzekoa sendatzen du

Esan daiteke praktika hau Samuel Hahnemann-ek sortu zuela 1810ean, Organon der rationellen (“Medikuntzaren artearen organoa”) tratatua argitaratu zuenean diziplina berri honen gainean. Sortzailearen filosofiari jarraiki, homeopatiak datza antzekoak antzekoa sendatzen duenaren ustean. Adibidez: artsenikoz kutsatu den gaixoa osatzeko elementu beraz, artsenikoz, tratatu behar da.

Horrez gain, praktika honen oinarrizko printzipioak dio osagai aktibo baten (gure biokimikan eragingo duen edozein osagai, hala nola, azido azetilsalizilikoa) eraginkortasuna (potentzia) handitu egiten dela diluzio maila handitu ahala: demagun landare bateko osagai aktibo baten erremedio homeopatikoa egin nahi dugula. Horretarako, landarea txikitu eta disolbatzaile batean (ura edo alkohola) murgilduko dugu intereseko osagaia erauzteko. Ondoren, osagai aktiboa duen disoluzioa hartuko dugu (tintura ama izenekoa) eta nahi dugun faktorearekiko diluituko dugu, nahi beste alditan (10 faktoreaz diluituz gero, X hizkiaz identifikatuko da, 100 faktoreaz eginez gero, C-z).

1_irudia

Merkatuan dauden erremedio homeopatikoen artean oso ohikoa da 30C diluzioa aurkitzea, zeina lortzeko tintura ama 1059 aldiz (10aren ostean beste 59 zero) diluitu baita. Bada, diluzio maila horretan hasierako osagai aktiboaren molekula edo atomo bakarra aurkitzeko probabilitatea ≈ 0 da.

2_irudiaNola da posible, orduan, osagai aktiboaren arrastorik ez duen erremedio homeopatikoak saltzea? Bada, praktika honen arabera, osagai aktiboa izan duen substantziak (ura, alkohola, azukrea pastillen kasuan …) memoria dauka eta, nahiz eta osagai aktiborik ez izan, eragin berbera dauka. Hau da, nahiz eta 30C diluzioko erremedio batek osagai aktiborik ez izan, disolbatzaile moduan funtzionatu duen alkoholak edo urak tintura amak bezala eragiten du osagai aktiboa gogoratzen duelako. Are gehiago, lehenago esan bezala, eraginkortasun handiagoa dauka, erremedioa zenbat eta diluituago egon, orduan eta potentzia handiagoa duelako.

Edzard Ernst eta Simon Singh mediku eta ikertzaileen Sendabide ala iruzurbide. Medikuntza alternatiboa proban liburuan, meta-analisi bidez (hainbat ikerketa zientifikoren analisi bateratuaz) lortutako emaitzek erakusten dutenez, homeopatiak ez du eragin esangarririk sortzen, behatu diren onura apurrak ez direlako plazebo-efektuarekiko desberdinak izan. Hau da, benetako erremedioa zelakoan azukrezko pilula hartu duen pazientean ikusi diren onurak eta erremedio homeopatikoa hartu dituen pazientearen onurak berdinak izan dira.

Momentuz dauden datuekin, beraz, esan daiteke homeopatiak ez duela askotarako balio, baina, hala ere, ez duela inolako kalterik eragiten, gehienetan ura edo azukrea delako pazienteak hartzen duena. Aipatzekoa da, ordea, praktika arriskutsua izatera heldu daitekeela bere erabilerarekin medikuntza tradizionala albo batera uzten bada. Hainbat izan dira zeharki kaltetuak (heriotzak tarteko) homeopatia ordezkatu dutenean medikuntza tradizionalarekiko, hau da, medikuntza tradizionala guztiz baztertu dutenean homeopatiaren alde. Gainera, kontuan hartu beharrekoa da praktika alternatibo hau ez dela edozeinen poltsikora egokitzen.

 
 
1 Nogales-Gaete, J. (2004). Medicina alternativa y complementaria. Revista Chilena de Neuro-Psiquiatría, 42 (4): 243-250.
2 Ernst, E. & Singh, S. (2008). Sendabide ala iruzurbide. Medikuntza alternatiboa proban. Elhuyar.
Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s