ARTIKULUAK

HEZKUNTZA – Herri aske bat eratzeko oinarria

Edozein gobernu-buruk daki herritarrekin kooperatzeko edota beraiek maneiatzeko tresna hoberena hezkuntza dela. Denboran atzera begiratu besterik ez dago ikusteko hezkuntzaren norabidea nola aldatu den, momentuko buruzagien nahien arabera: Grezia Klasikoan, adibidez, herritar (gizonezkoa, noski: ez esklabo, ez emakume, ezta haur) politikoaren perfekzioa bilatzen zen dialektikaren bitartez; Behe Erdi Aroan, ostera, jauntxo feudalen nahia zaldunak eratzea zen, lurrak zainduko zituzten soldadu fidelak eta, ondorioz, herritarren gehiengoa analfabetoa zen, zaldunak barne.

educacion

Hezkuntza aberatsenen eskuetan (gizon aberatsenen eskuetan, oro har) egon izan da orain dela gutxi arte. Zeren eta, gaur egun, hezkuntza “unibertsala” eta “dohainekoa” da munduko herrialde gehientsuenetan. Herrialdeen gobernuarekin zerikusirik ez duen oinarrizko eskubidea da. Baina, hori egia da? Hezkuntza ez al dago politikarekin guztiz erlazionatua?

Jarraian, Estatu Espainiarrean izan diren edo izango diren aldaketa bitaz hitz egingo dugu: LOMCE eta 3+2 unibertsitate Dekretua, biak ala biak politikari guztiz lotuak.

LOMCE – Espainiako Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeko Lege Organikoa/ Wert Legea

Estatuko Aldizkari Ofizialean (EAO 295. zk., 2013/12/10)1 ikus daitekeenez, hezkuntza erreforma honek bete nahi dituen helburu nagusiak dira:

ikasketak bertan behera uztearen tasa murriztea, irizpide internazionalak jarraiki emaitza akademikoak hobetzea, erabilkortasuna hobetzea eta ikasleen lehiakortasuna bultzatzea. Erreformak, oro har, datza printzipio hauetan: ikasketa zentroen autonomia handitzea, zentroen zuzendaritza kudeatzeko gaitasuna indartzea, etapa bukaerako kanpo-azterketak finkatzea, eskaintza akademikoa arrazionalizatzea eta ibilbide akademikoak malgutzea. […] Printzipio horietaz gain, aipatu behar dira beste hiru eremu, hezkuntza sistemaren aldaketarako oso garrantzitsuak direnak LOMCE barruan: Komunikazio eta Informazioaren Teknologiak, eleaniztasuna bultzatzea eta Lanbide Heziketaren modernizazioa.

Ikus dezagun zein aldaketekin bete nahi diren goian aipatutako helburuak, kontuan izanik ea jarraituko diren ezarritako printzipioak2:

  •  DBH Graduatua eta Batxilergoko Titulua lortzeko ikasturte amaierako azterketak. Kanpo-ebaluazio bidezko azterketak ezarriz (errebalida) nahi dute emaitza akademikoak hobetzea. Ikasleek lau azterketa berri gainditu beharko dituzte 9, 12, 15 eta 18 urterekin (Lehen Hezkuntzako, LH, azterketa orientagarria izango da). Baina, zer da benetan lortuko dena? Seguruenik, heziketa oraindik gehiago uniformatzea eta sormena bezalako alderdien garapena mugatzea.
  • Gobernuak diseinatutako «Enborreko» ikasgaiei garrantzia handiagoa. Hasteko, zeinek erabakitzen du zein irakasgai den enborrekoa? Eta, zergatik? Gainera, aldaketa honekin hizkuntza koofizialek (euskara tarteko) garrantzia galtzen dute. Erabilkortasuna hobetzeko helburuarekin eta eskaintza akademikoa arrazionalizatzeko printzipioarekin, argi geratzen da gaur egun hezkuntzak duen funtzioa dela nitxo konkretuak betetzeko gai izango diren langileak prestatzea. Adibidez, Matematika enborreko irakasgaietako bat da, baina, Musika ez. Zergatik? Bada, zeren eta gure gizarte kapitalista honetan, zenbakiak erabiltzen dakiten langileak behar direlako, makinak lanean jarrai dezan, baina ez dira hain premiakoak kultura musikala sortzen jarraituko duten artistak.
  • Gaztelera hizkuntza nagusia legez duen irakasgaien eskaintza derrigorrezkoa. Hizkuntza koofizialak kaltetzeko beste era bat. Ikusita Estatu mailan lortutako emaitzak Europakoak baino baxuagoak direla atzerriko hizkuntzen jakintzari dagokionez, Gobernuak ezarriko ditu Lehen Hezkuntzako bigarren ziklotik hasi eta Batxilergora arteko hezkuntza eleaniztasunerako oinarriak. Ondorioz, berriro ere, hizkuntza koofizialak kaltetu egingo dira. Adibidez, kontuan izanik Gaztelera izan beharko dela hizkuntza nagusia, seguruenik, enborreko irakasgairen bat espainolez eman beharko da (Matematika, adibidez). Horretaz gain, eleaniztasuna bultzatzekotan, beste irakasgai bat (Natur Zientziak, bat esatekotan) ingelesez eman beharko da. Ondorioz, Euskarak irakasgai bi gutxiago izango ditu.
  • Zuzendariaren eskumenen handitzea, Eskola Kontseiluaren kalterako. Alde batetik, botere gehiago izango du Gobernu Zentralak, berak finkatzen dituen ordu kopurua areagotuko baita (hau da, Espainiako Autonomiek eskumen gutxiago izango dute beraien ikastetxeetako materiak erabakitzeko orduan) eta, bestetik, zuzendariak, irakasleen kalterako.

Wert legeak ezarritako beste aldaketa interesgarri batzuk lirateke:

lomce Lur publikoan ikastetxe pribatuak eraiki eta kudeatzeko aukera.

  • Hitzarmenak sexu bereizketa egiten duten ikastetxeekin. Diru publikotik ateratako laguntzak eskaini ahalko zaizkie sexu bereizketa egiten duten ikastetxeei.
  • Erlijioa irakasgaia, balio akademiko osoarekin. Ikasketa espedienterako balioko du.
  • Erlazio berria hezkuntza publiko edo pribaturako plazen eskaintzari dagokionez. Plazak banatuko dira kontuan izanik eskaria eta eskaintza eta, ondorioz, Estatuak ez du leku bat bermatu beharko LH, DBH eta Oinarrizko Lanbide Heziketako zentro publikoetan (hirurak dohaineko hezkuntzak, legeak dioenez).

3+2 DEKRETUA – 43/2015 Errege Dekretua (2015/2/2)

Bologna Planaren aplikazioak ekarri dituen aldaketak egonkortzen hasi direnean, pasa den otsailaren 2an, Gobernu Espainolak 43/2015 EDa onetsi berri du eta, horrekin, berriro ere guztiz aldatuko da unibertsitateko eskaintza akademikoa. Unibertsitate bakoitzak erabaki ahalko du ezarri edo ez eta, ezartzea erabakitzen dutenetan, datorren irailetik aurrera (2015/2016 ikasturtean) egingo da. Gauzak horrela, 4 urteko graduak 3koak izatera pasako dira (medikuntza edo arkitektura bezalako karrerak ez ezik) eta posgraduak urte 1etik 2ra.

Gobernuak dioenez, erreformak “eskaintza akademikoa malgutzea eta unibertsitate espainol eta kanpotarren arteko mugikortasuna erraztea ekarriko du”, zeren eta gaur eguneko 4+1 eredua, zein 3+2 eredua batera eskaini ahalko dira, beste herrialde europar batzuetan bezala.

3+2EAOan ikus daitekeen bezala (29. zk, 2015/2/3)3 3 urteko gradu berrien izaera orokorra eta oinarrizkoa izango da, hau da, ez da nahikoa izango graduatzea prestakuntza altuko lanbide bat betetzeko.

Hemen Ikasleen Sindikatuko adibide oso argi bat arazoaren nondik norakoak hobeto ulertzeko:

Madrileko Unibertsitate Konplutentseko (publikoa da) urte bateko masterren balioa 4.000-7.000 euro artekoa da. Bada, dekretu berri honen aplikazioaren ondorioz, urte bateko masterrak urte bikoak izatera pasako dira eta 8.000-14.000 euro ordaindu beharko dira, merkatuan balioa izango duen unibertsitate titulu bat lortzeko. Ondorioz, argi dago 20.000 euroko kostua izatera hel daitekeen karrera oso gutxik ordaindu ahalko dutela.

Beste alde batetik, oraingo 4 urteko graduak 3 urtekoak eta oinarrizko izaeradunak izatera pasatzeak ekarriko du, gradu asko adar berdineko beste gradu batzuekin fusionatzea (Bologna Plana aplikatzean gertatu zen bezala) eta, ondorioz, eskaintza akademikoa oraindik gehiago murriztuko da.

Horrek, gainera, irakaslerian eragingo du: unibertsitate ikasketak burutzen dituzten 1,4 milioi ikasleetatik 100.000ak bakarrik jarrai balezake master batekin (prezioa dela eta), pentsatu zenbat irakasle sobratuko diren graduetatik urte oso bat erauztean.

Ikasketa curriculuma mugatzea, kanpo-ebaluazio berriak ezartzea (errebalidak), irakasleen eskumenak gutxitzea edo matrikularen prezioa handitzea ez dira hezkuntza kalitatea hobetzeko egindako aldaketak, ezta hezkuntzarako sarrera errazteko eginak. Zeri begira egin dira orduan erreforma bi horiek? Bada, alde batetik, Europatik ezarritako herstura ekonomikoa jarraiki, hezkuntza sistemako diru laguntzen murrizketari begira eta, bestetik, hezkuntzaren irismena mugaketari begira (gobernu-buruen interesen arabera), bai erakusten denari dagokionez, bai hartzaileari dagokionez, bi klase sozialen arteko distantzia oraindik gehiago markatuz: langileria eta elitea, alegia.

1 http://www.boe.es/boe/dias/2013/12/10/pdfs/BOE-A-2013-12886.pdf

2 http://es.wikipedia.org/wiki/Ley_Org%C3%A1nica_para_la_Mejora_de_la_Calidad_Educativa

3 http://www.boe.es/boe/dias/2015/02/03/pdfs/BOE-A-2015-943.pdf

4 http://www.sindicatodeestudiantes.net/index.php/noticias/movimiento-estudiantil/estatal/2092-el-decreto-3-2-o-como-echar-de-la-universidad-a-los-hijos-de-trabajadores

Advertisements

One thought on “HEZKUNTZA – Herri aske bat eratzeko oinarria

  1. Pingback-a: Filosofía Beharrezkoa Da |

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s