KULTURAREN TXOKOA / Musika

Zu ere Ghettora batu zaitezke, periferian lekua dago!

GHETTO musika taldea 2007an sortu zen, taldekideek (Unai Abaunza gitarra eta ahotsa, Mikel Azkarate saxoan, Mikel Urresti gitarrarekin, Josu Abaunza baxuan eta Iñaki Urresti baterian)aurreko taldeetan jorratzen zituzten estiloetatik aldentzeko asmoz. Hasieran esperimentazio prozesu gisa hasi zen. Orduz geroztik kantak konposatzeari ekin diote, edozein jenerotako bertsionatze-lanak baztertu gabe, soul, funk, rock, reggae, tango,…  estiloetan barneratuz.

Taldeko Unai Abaunza elkarrizketatu dugu. Eguzkia agurtu eta zerbeza batzuk edateko aitzakia bikaina alajaina!

abaunza

Noiztik duzu musikarekiko afizioa?

Txikitan, solfeora joaten sortu zitzaidan. Han koroan abesten hasi nintzen. Urte batzuetara instrumentu bat aukeratzeko esan ziguten eta nik pianoa aukeratu nuen. Baina amak ezetz esan zidan, pianoa garestiegia zela eta ezetz. Eta akordeoia erosi zidaten. Birritan baino ez nuen jo akordeoia! kar, kar, kar! Gurasoei esan nien ez nuela akordeoia jo nahi, gitarra jotzea nahi nuela, nire lehengusu nagusiak bezala. 14-15 urterekin izekok gitarra bat utzi zidan ta gitarra klase batzuetara joan nintzen urtebetez. Eta ordutik nabil musikarekin gora eta behera eta gitarra jotzen.

Nola eman zenuen afiziotik sorkuntzarako pausua?

Lehenengo taldea sortu genuenean (Txakurren Putse) hasi nintzen abestiak egiten. Taldea sortzeko erabakia hartu ostean, abesti batzuk egin beharra zegoen, eta batzuk iniziatiba hartu genuen horretan. Saiakera ta abesti txar batzuk egin ondoren, gauzekin gusturago geratzen hasten zara eta zure bururi gehiago eskatzen diozu.

Ikusle bezala, zein da gehien disfrutatu duzun kontzertua?

Neil Youngek Anberesen jo zuen kontzertu batean adibidez izugarri gozatu nuen. Orduan erasmusean nebilen eta egoera horretan ohi den bezala, normalean baino irekiago nengoen denari. Bai musikari, lekuari, aretoari… Gainera, bakarrik joan nintzen kontzertua ikustera eta kontzertuan 100% sartzea beste aukerarik ez nuen izan. kar, kar, kar!

Eta oholtza gainean?abaunza2

Ba euren artean Ghertzainakekin Durangoko txosnetan jotakoa dagoela esan dezaket. Ghertzainakekin jo genuen azkena izan zen. Ibilbidea geneukan, abestiekin feeling-a ere bagenuen sortua eta soinua ta publikoa lagun izan genituen. Ghetto moduan ostera, aipatzekotan, antzokian jo genuen azkena, erolution aurkezten. Kontzertu honekin borobildu genuen CD-aren aurkezpen bira.

Abesti bat egiterako orduan, hasieratik daukazu argi zelakoa izango den?

Abesti bat sortzerakoan, gitarrarekin erritmo bat jotzen dut lehenengo. Melodiarik edo erritmorik ezean ez naiz abesti bat sortzeko kapaza. Behin melodia bat sortuta bai, buruari eragiten hasten naiz. Momentu horretan buruan dudana, abestiarekin irudikatu nahi dudana pentsatu edo sentitu, eta abestia osatzen dut. Horrela, Ghetton baditugu oso pertsonalak diren abestiak, inork gutxik ulertuko dituenak. Euren artean Ghetto edo Abderrahim.

Publikoari gustatu ahal zaiona kontutan hartzen duzu abesti bat konposatzerakoan?

Ez, horri behintzat ez diot garrantzirik ematen sortzerako orduan.

Ghetton euskara hutsean abesten duzue. Erabaki bat da ala berezko zerbait?

Egin ez, egin batzuk ingelesez egin genituen. Ghettok badauka lotura bat ni erasmusean egon nintzen garaiarekin. Abestietako bat adibidez Turkiar batek egin zidan, eta hasiera batean abestien erdiak ingelesez ziren. Baina grabatzerako orduan euskaraz izatea nahi izan genuen. Hasierako abestietako batzuk euskaratu egin genituen, beste batzuk baztertuta geratu ziren.

Askotan ikusi izan zaitugu txaleko batekin oholtza gainean.

Lehenengo kontzertua jo genuenean itsura berezi bat eman nahi izan genuen. Fardo batzuk jarri genituen oholtzan, baserriko hainbat gauza,… Eta gu geu ere berezi jantzita joatea erabaki genuen. Nik txaleko hori jantzi nuen. Alkandorak ez ditut batere gustoko, baina txaleko horrekin gustura ibili nintzen, eta ordutik, gustura erabili izan dut.

Disko bat grabatzerako orduan, disko osoa sorkuntza lan bezala planteatzen duzue?

Disko bat jaiotzen den bakoitzean intentzio batekin egin izan dugu, ez da bapateko erabaki bat. Beraz lista bat egin izan dugu aukeratutako abesti batzuekin. Beste batzuk kanpoan geratu izan dira. 2. diskoarekin oso gustura geratu ginen, nahiz ta abesti bakoitzak soinu ezberdin bat izan, proiektu honen barruan lekua zutela ikusi genuen.

Zelan ikusten duzu Durangaldeko panorama musikala? Eboluzio bat eman dela uste duzu?

Esan beharra daukat gaur egun ez nabilela hain aktibo eta beraz ez ditut jarraitzen Durangaldeko taldeek ematen dituzten kontzertu gehienak, beraz talde batzuen inguruan soilik egin dezaket berba. Baina bai nabaritzen dudala gaur egun lehen ez zegoen dibertsitate bat. Badago batetik adibidez Ganorabakoen toke folkia, sermondsen izaera rockanrolllero-stonerra, gu saxofoiarekin ere gure gauzak egiten… Barietate hau oso aberasgarria ikusten dut. Lehen nire inguruko talde guztiak punkiak edo punkrockeroak ziren.

Zeintzuk dira Ghettoren influentziak?

Ghettoren influentzien inguruan hitz egiterakoan, taldekide bakoitzak dituen influentziak aipatu beharko nituzke. Taldekide bakoitzaren ekarpenen atzean baitaude influentzia hauek. Josu punkiena litzateke, Turutas soulero-funky Van Morrisonagoa, Iñaki popero Bruce Springsteenagoa, Mikel gitarrista sureño yankeea eta ni neu, ba geratzen dena! kar kar! Nik neuk uste dut ez daukadala influentzia markatuegirik.

Zer zabiltza entzuten orain?

Ba atzo Caetano Veloso entzuten ibili nintzen, Low taldea ere asko gustatzen zait, oso ondo abesten baitute gauza sotilak eginez. Horrez gain, orain lehen baino askoz gehiago entzuten dut irratia. Fermin Etxegoienen musikatea, Radio 3en goizeko Hoy empieza todo,… Momentu honetan ez nago talde bati oso lotuta.

Beste zerbait aipatu nahi baduzu, edo guri esklusiba bat kontatu, hemen duzu aukera.

Exclusiva sin IVA! kar, kar, kar! Ba aurten 8 urte beteko dira gure lehen kontzertua jo genuenetik. Elorrioko ateneoan izan zen eta aurten ere Ekainaren 12an han izango gara guretzako oso berezia izango den kontzertu bat jotzen, honetarako arrazoi garrantzitsu bat dela medio. Mikelek (saxoa) taldea utziko du. Honek ez du esan nahi Ghetto desagertuko denik. Aurrerantzean ez dela berdina izango? Noski. Nondik joko dugun? Batek daki.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s