ARTIKULUAK

TTIP-a: galdera asko, erantzun gutxi

Zer da?

bolsas ttipTTIP-a Europa eta Ameriketako Estatu Batuen arteko Merkataritza eta inbertsiorako Hitzarmena da (Transatlantic Trade and Investment Partnership inglesez). Hitzarmen honen xedea Merkataritza Libreko Itun (MLI) bat garatzea da eta horrela, Ignacio García Bercerok dion bezala (EB talde negoziatzaileko zuzendaria dena), AEB eta Europaren arteko inbertsio eta merkataritza liberalizatzea1. Liberalizazioak bi lurralde hauen arteko inportazio/esportazio prozesuak erregulatzen dituen araudia malguagoa egitea dakar, arauak aldatuz edota ezabatuz. Neurri horiekin García Bercerok Europak AEBtara egingo dituen esportazio tasa handitzea espero da, eta horrela Europan aktibitate ekonomikoa emendatuz eta enplegua sortuz. Onura guzti horiek urtean 119.000 milioi €-ko irabaziak ekarriko dituela dio Europar batzordeak, 545 € etxeko.
Beste sektore batzuk, ordea, ez dira horren baikorrak Merkataritza Libreko Itun honi dagokiola. Sol Sánchez Marotok (ATTAC España koordinakundea) esaterako, zerga arruntak eta muga-zergak ezabatzeko egingo den atlantikoko bi aldeetako araudien bateratze edo harmonizatzearen arriskuak azaleratzen ditu2. Sánchezen arabera, harmonizatze prozesu honetan Europan edo AEBan dauden eta jendartearekiko babes gutxien eskaintzen dituzten legeak aplikatuko dira MLI-ko eremu guztian. Hots, atlantikoko alde bakoitzean dauden lege malguenak aurkitu eta horiek eremu osoan aplikatzea da legediaren harmonizatzea.

Nola gertatzen ari dira negoziaketak?

Merkataritza Libreko Ituna zehazteko negoziaketak 2013ko uztailean hasi ziren, eta sekretuan ematen ari dira, prentsari testigu izaten utzi gabe. Europako Parlamentuko diputatuak ere ez dira salbuespen, eta oso neurri zorrotzekin soilik irakur dezakete dokumentua (bi orduz bakarrik, aparatu elektroniko edota boligrafo gabe,…)3. Debekua horiek egon arren, hainbat enpresari korporaziorekin batu izan dira bi alde negoziatzaileak (Europakoa eta AEBtakoa). Hori horrela, negoziaketa horietan lobby funtzioa betetzen duten korporazioetatik %92 sektore pribatukoak direla salatu zuen pasadan urteko udan Corporate European Observatoryk4. Korporazio horien artean, estatu espainiarreko Inditex, Iberdrola, Telefónica edota Repsol bezalako enpresak daude. Presioa egiten duten sektore ekonomiko guztietatik aktiboena, ordea, elikadurarena dela dio Ekaitz Cancelak. Merkataritzako Zuzendaritza Orokorrak izandako 560 bileretatik 113 elikaduraren lobbyarekin izan dira, finantza, mediku, farmazia edo automobil-lobbyek batera izan dituztenak baino gehiago5.

Baina, zein ondorio ditu legediaren harmonizazioak?

Legediaren harmonizazioak hainbat atal desberdinetan izango du eragina, eta hainbat alderdi politikok eta gizarte eragilek ardura erakutsi dute hori dela eta.

ZERGAK ETA DESARAUTZEAK
Sarritan esan izan da MLI beharrezkoa dela inbertsioak eta esportazioak mugatzen dituzten arantzelak murrizteko. Baina IUko idazkari nagusia den Alberto Garzónek argitzen duen bezala, AEB eta Europaren arteko arantzelak munduan aurkitzen diren baxuenetarikoak dira, %3,5 eta %5,2 artekoak6. Beraz, aitzakia hori bazterturik, espainiar politikari gazteak salatzen du osasun, ingurugiro, elikadura edota hitzarmen kolektiboei buruzko legeak aldatzea dela itun honen xedea, sektore publikoaren pribatizazioarekin batera. Garzónek gogorarazten du baita, neurri guzti horiek enpresa handi eta multinazionalei besterik ez dietela mesede egingo, langile, herritar eta kontsumitzaileen kaltetan.

INGURUGIROA
MLI honek egingo dizkion kalteak itunaren alde azaltzen den Europar Batasunak ere onartu ditu. Ibilbide luzeko merkataritzak sortzen dituen kalteez gain, Europako legedia zorrotzagoa da hainbat kimikoren erabileran AEBko araudia baino, EH Bilduk dion bezala7. Horren ondorioz, enpresa multinazionalen mesedetan, lege malguenak aplikatuko ditu itunak barnebiltzen duen eremu osoan. Hots, AEBko araudia izango da inposatuko dena. Horrez gain, Fracking-aren inposizioa ere eragingo luke itunak, Europan indar gutxi duen arren, AEBn oso zabaldua dagoen praktika baita. Hori dela eta, ingurugiroari buruzko legediaren desarautzeak Fracking-a Europan zehar indarrez zabaltzeko aukera paregabea emango du.

OSASUNA
Ingurugiroaren atalean aipatutako hainbat kimikoren erabileraz gain, patenteen inguruko legeen aldaketek eragin handia izan dezakete medikamentu generikoen alorrean, hauen prezioa igoaz enpresa farmazeutikoen mesedetan. Horrez gain, lehenago aipatutako sektore publikoko pribatizazioen adibide bat izan daiteke osasunarena. AEBn arras zabaldua dagoen osasunaren sektore pribatuaren interesak oso handiak dira Europan, herrialde askotan ia ezer esplotatu gabeko merkatu bat baita.

ELIKADURA
Elikaduraren kasuan ere, alde handiak daude AEB eta Europako legedien artean. Europan “zuhurtzia printzipioa” da erabiltzen dena, hau da, eta adibidez, hormona bidezko tratamendua jaso duten produktuak merkaturatu nahi direnean, beharrezkoa da frogatzea hauek ez dutela osasunean kalterik eragiten. AEBn, berriz, alderantziz gertatzen da, hots, mota horretako produktuen aurrean, beharrezkoa dena produktua kaltegarria dela frogatzea da, eta hori modu zehatzean frogatu bitartean, produktua merkatuan egongo da. Beraz, MLI sinatuz gero, Europara AEBetako sistema ekarriko zen, Europako merkatuko ateak zabalduaz transgenikoei, hormona bidez tratatutako animaliei, pestizidei,…

FINANTZA SISTEMA
Kasu zehatz honetan, Europako legedia da malguagoa dena AEBkoaren aldean. 2007-2008ko Big crasharen ondorioz, 2010ean AEBko gobernuak banku estatubatuarren filial atzerritarrak erregulatzeko aukera eman zieten bertako administrazioei. Horrelakorik ez zen gertatu, ordea, Europan. Hori dela eta, TTIPari esker Europako araudi malgua AEBko legedira pasatuko zen, bertako banku handien mesedetan.

LAN HARREMANAK
Azken urteetako lan erreformek langileen eskubideen murrizketak eragin dituzten arren, Europako langileriak eskubide gehiago dituzte AEBkoek baino. Horregatik, TTIPa sinatzeak eragin handia izango duela ohartarazi izan da, AEBetako langileriaren eskubideak Europara esportatuko direlako, hauek dituztenak galduaz. Horrez gain, enpresari handiek beti esan izan dute Europako langileriak dituzten eskubideak muga direla, lehiakortasuna jaisten baitute. Beraz, jakinik negoziaketa prozesuetan sektore pribatuko lobbyek presio handia egiten dutela, ez da zentzugabea afirmazio hori egitea.

MULTINAZIONALAK VS ESTATUAK
Eta aipatutako desarautze guztiak baino arriskutsuagoa izan daitekeen beste aldaketa bat ekarriko luke TTIPak: estatuak eta enpresa multinazionalak sujetu juridiko berdin bihurtzea. Neurri horren bidez, multinazionalek estatuak salatu ahal izango dituzte nazioarteko arbitraje epaitegi baten aurrean estatuak hartuko erabaki batek enpresa kaltetuko balu. Hau da, estatu batek demokratikoki hartutako erabaki baten aurrean, korporazio batek estatu salatu ahal izango luke berari eragindako balizko kalte batengatik. Gainera, arbitraje epaitegi horrek korporazioa eta estatua sujeto juridikoki berdin bezala hartuko lituzke, neurri hau estatuen subiranotasunaren aurkako eraso garbi bat izaki. Horren adibide dugu Kanadan gertatutako. Quebec-eko herriak erreferendum bidez fracking-aren aplikazioaren atzerapen bat eskatu zuten, eta horren aurrean, Lone Pine enpresak Kanadako estatua salatu zuen zulaketak egiten ez uzteagatik eta 250 milioiko kalte-ordaina eskatu zizkion8.

fokus_demokratie_1920x1080
Bada beste MLIen adibiderik?

Bai, badaude Merkatu Libreko Itun gehiago, eta denetatik ezagunena agian NAFTA izenekoa da, Mexiko, AEB eta Kanadak 1994ean sinatu zutena. Sinatu zen egunean garapena, oparotasuna eta lana ekarriko zuela esan zen arren, sektore publikoren pribatizazioak, pobrezia, deslokalizazioak eta lanpostuen galerak ekarri zituen. Bereziki Mexikon izan zituen eragin kaltegarrienak: pobrezia %21,4tik %51ra igo zen pobrezia 1994-1998 artean, lanbide arteko gutxieneko soldataren balio erreala %17,9 sektorekoa jaitsi zen eta %20,6 manufakturako 1993-2001 artean, 2,7 milioi mexikarrek utzi behar izan zuten landa eremuak AEBtik inportatutako arto transgenikoa zela eta,…9. Hala ere, AEBko langileria ere ez zen irabazten irten, milioi bat enplegu galdu baitira, uneoro daukaten deslokalizazioen mehatxuaz aparte10.

Bibliografia
1 https://www.youtube.com/watch?v=rGDeALhduII
2 http://www.attac.es/2015/02/11/ttip-el-fin-de-la-democracia-y-de-la-soberania/
3 http://www.publico.es/politica/ue-deja-eurodiputado-ver-horas.html
4 http://corporateeurope.org/pressreleases/2014/07/agribusiness-biggest-lobbyist-eu-us-trade-deal-new-research-reveals
5 http://www.lamarea.com/2015/02/05/que-lobbies-manejan-en-secreto-los-hilos-del-ttip/
6 http://agarzon.net/50-preguntas-y-respuestas-sobre-el-tratado-de-libre-comercio/
7 http://ehbildu.eus/eu/albisteak/sakonean/ttip
8 http://www.frackaware.com/wordpress/?p=1823
9 http://www.elobservadoreconomico.com/archivo_anterior/127/portada4.htm
10 http://elespiritudeltiempo.org/blog/el-nafta-20-anos-despues-un-tratado-de-promesas-fallidas/

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s